Joseba Egibar GBBko buruak eta Jon Luqui Urretxuko alkategiak agerraldia egin zuten asteartean Iparragirre plazan.

Luqui izan zen hitza hartzen lehena. Etxean gaixo dagoen Anjel Erra-tzu alderdikideari animoak bidali zizkion. “Etxetik ikusiko gaitu, telebistaz”, esan zuen.

Aurreko bi hauteskundeetako talde berarekin aurkeztu dela gogoratu zuen. “Duela 8 urte sorpresa izan zen guk irabaztea. Hiru urte eman genituen Udalaren arazoak konpontzen. 2019an, berriz, gehiengo absolutua lortu genuen. Gaur botoa eskatzeko elkartu gara, apaltasunez baina egindakoaz harro. Plangintza ona dugu, eskarmentua eta lan egiteko gogoa. EH Bilduk 8 urte izan zituen eta emai-tza desastrea izan zen. Eta ez zuten azaldu zer gertatu zen. Ez dute azalpenik eman eta garai hartan zinego-tzi izan zenetako bat dute hautagai”.

EH Bilduren egitasmoak ez direla egingarriak gehitu zuen. “Proposatu dituzten gauza gehienak ezin dira egin. Ez dute azaldu nola egingo dituzten. Guk zaintzarekin eta etxebizitzarekin lotutako egitasmoak martxan ditugu, besteak beste”.

Egibarrek EAJren herrigintzaren ardatzak zeintzuk diren aipatu zuen. “Oinak lurrean. Ikusi nola amaitu duten amets zoroekin ibiltzen zirenak. Burua argi. Lehenengo landu eta ondoren egin. Besoak zabalik eta eskuak lanean. Inspirazioak lanean harrapa gaitzala. EAJ beti lanean harrapatuko dute. Euskara ahoan eta gure herria bihotzean”.

EH Bilduren “adanismoa” eta “amnesia” kritikatu zituen. “Ez dute gogoratzen zer gertatu den. Frankista koxkorrak bezala. Haiek ere gertatutakoa ahaztu zuten. Eta mundua beraiekin hasten dela dirudi. Guk ibilbide demokratikoa dugu. Eguneroko aberrigintzan ibili gara. Batzuk eraikitzen ibili gara”.

Programa

Urretxuko EAJk joan zen astean aurkeztu zuen bere programa. Etorkizuneko asmoei dagokienez, tokiko zaintza ekosistema izan zen aipatu zuten lehena. “Asko hitz egiten da biztanleriaren zahartzeaz eta bakardadez. Guk urteak daramatzagu horretarako prestatzen. Gizarte Ekintza arloa indartu dugu, langile gehiagorekin. Eta eguneko zentroko langileen eta etxez etxeko arreta zerbitzuko langileen soldata %13,4 igo dugu. Gizarte Ekintza sail indartsua dugu eta, horri esker, Pagoetan adinekoentzako apartamentu tutelatuak egiten ari gara eta Lilibason gazteen-tzako alokairuzko etxebizitzak”, esan zuen alkateak.

2023-2027 legealdian egin nahi dituzten obren berri ere eman zuten: Ipeñarrietatik Apariziora doan espaloia berritu, Sarralde bota eta enpresak erakarri, Aldundiari erraztasunak eman Baskongadoetako trenbidean bidegorria egiteko, Aparizio auzoa Kaminpera heltzen den bidegorriarekin lotu, Adif-en lurretan 300 autorentzako aparkalekua egin, Pagoetako hotelari irtenbidea eman, Lilibaso urbanizatu, Mundo Mejorren 30 autorentzako aparkalekua egin, bi igogailu egin Sorginzulo eta Basagasti Labeaga kalearekin lotzeko, Gainzuri ikastetxean 1.100 metro koadroko jolastoki berria egin, BM eta Labeaga lotuko dituen igogailua egin, Guru-tzen haurrentzako parkea egin...