Gaur, LGTBIfobiaren aurkako nazioarteko eguna, eta ekainaren 28ra arte, Sexu Askapenerako Nazioarteko Eguna, hainbat ekimen izango dira Errenterian Francisaldia zikloa dela eta.

Hilabete luze honetan, musika, poesia, zinema, literatura eta beste hainbat diziplina lotuko dituen programazioa osatu da; beti ere, oroimena, aitortza, aldarria eta aniztasunaren bizipen askearen sustapena ardatz izanik.

Vicente Vadillo Santamaría Francis travestiak ematen dio izena ziklo honi. Aurten 44 urte betetzen dira ekainaren 10ean polizia nazionaleko agente batek erail zuela. Horregatik, egun horretan, pertsona guztientzako gune seguru eta askeak aldarrikatu eta Francis oroitzeko asmoz, Errenteriako LGTBI+ mugimenduak kalejira eta Iztietako biribilgunean banderaren igoera antolatu ditu. Ekitaldi hauek herritar orori irekiak direla azpimarratu dute.

Gainera, Francisen ibilbidea eta bizipenak jaso eta Errenteriako LGTBI+ mugimenduaren borrokari aitortza egin nahi zaio, ekainaren 22an, Xabier Susperregi idazleak argitaratutako Francis liburuaren aurkezpenaren bitartez.

Udal arduradunek astelehenean egindako aurkezpenean aditzera eman zutenez, Francisaldiaren programazioaren bidez, “herritarrak ahalduntzea eta sentsibilizatzea da helburua, aldagaiok LGTBIQ+ pertsonen bizi baldintzak hobetzeko ezinbesteko diren heinean”. Horretarako, antolatutako ekintzak berdintasunerako eskubidearen eta genero identitate, genero adierazpen eta sexu orientazioagatik diskriminazio ezaren alde aldarrikapena egiteko erabiliko dira.

Laburmetrai eta dokumentalen proiekzioetarako eta musika emanaldietarako sarrerak salgai daude dagoeneko sarrerak.errenteria.eus helbide elektronikoan. Gainera, programazio osoa Herri Bizia helbide elektronikoan kontsultatu eta deskargatu daiteke.

Mikel Martin

Kataluniako Observatori Contra l’Homofòbiak urteroko sari banaketa egin zuen atzo. Aurten, Mikel Martin errenteriarra omendu dute “Euskal Herrian LGTBI kolektiboaren eskubide eta askatasunen borrokan izandako ibilbide aktibista nekaezinagatik”.

Mikel Martin martxoan zendu zen gaixotasun larri baten ondorioz. EHGAMeko militantea zen eta politikan ere jarduna izan zuen Alternatiba eta EH Bilduko kidea izan zelako.

Martinek Francisen erailketa Iztietako Apolo diskotekan oso gertutik bizi izan zuen.