UZ Bizi! plataformak batzarra egingo du ostegunean, 19.00etan, Zumarragako kultur etxean. Alderdiei Plastic Energy enpresak Arcelorren ireki nahi duen lantegiaren inguruko iritzia eskatu zieten eta osteguneko bileran iritzi horien balorazioa egingo dute.

EH Bildu, EAJ eta Elkarrekin Zumarraga egitasmoaren aurka azaldu dira. “Azken egunotan irakurri eta entzun ditugu posizionamendu desberdinak eta testuingurua berriz baloratzeko unea da. Gainera Plastic Energy-ren errauskailuaren egitasmoa errazten duen Plan Bereziaren inguruko informazioa ere badugu eskura”.

Herritarrak mobilizatzera deitu dituzte. “Maiatzaren 3an herritar asko hurbildu zen bilerara eta argi geratu zen ezin garela besoak gurutzatuta geratu. Mobilizatu egin behar dugu, proiektuari buruzko informazio zehatza eskatzeko, herritarrek erabakian parte hartzeko eta proiektua geldiarazteko, gure bizilagunen osasunean eta ingurumenean izan ditzakeen ondorioak argitu arte. Beraz, maiatzaren 18an, 19.00etan, Zumarragako kultur etxean egingo dugun bilerara deitzen ditugu herritarrak UZ Bizi! plataforma gisa gorpuztu eta datozen egunetarako ekintzak gauzatzen laguntzeko”.