Orioko EAJk entzuketa prozesua abiatu zuen martxoaren bukaeran. Oriotarrengana hurbildu eta beren ekarpenak jasotzeko helburuarekin egin zuten. Azken asteetan hautagaiak Anibarko portuan, hondartza inguruan, Pelotari kalean, Goiko Kalen, Arrantzale eta Eusko Gudari kale inguruetan, herriko plazan, Dike eta baserrietan izan dira. “Prozesu aberasgarria izan da, herritarren kezkak gure kezkak direlako”, adierazi du Noemi Ostolazak, Orioko alkatetzarako hautagaia.

“Orain herritarrei emaitza itzultzea tokatzen zaigu, herritik eta herriarentzat sortutako programa baita landu duguna”, zehaztu dute. Jasotako ekarpen itzulketa-lana egiteko hautagaiak herriko bost puntuetan egongo dira programaren ildo nagusiak azaltzen. Atzo Futbol zelai parean egon ziren, gaur Abaromendiko parkean egongo dira (17.00-19.00), etzi Azoka inguruan egongo dira (10.30-11.30), datorren asteko asteartean Musika eskola parean egongo dira (17.00-19.00) eta hurrengo asteko ostiralean Ibai Ondo plazan izango dira (17.00-19.00).

Hiru bloke eta hamar lan eremutan oinarritutako programa osatu dutela adierazi dute: zaintza, berdintasuna eta osasuna, ekonomia, industria eta energia, kultura, aisialdia eta kirola. Ekarpen guztiak www.oriokoeaj.my.canva.site webgunean aurki daitezke.