Datorren legegintzaldirako programa aurkeztu du aste honetan Hernaniko EH Bilduk. Xabier Lertxundi Asteasuinzarrak, gaur egungo alkateak eta alkategaiak, laburbildu zuenez, “herri bizi eta bizigarriago baten alde lan egingo dugu eta guk martxan jartzen ditugun proiektu guztiak horretara bideratuak egongo dira”.
“Udaletxetik herri hori bizia izan dadin errekurtsoak jarri behar dira. Adibidez, guk argi daukagu herrian dauden eragile, elkarte guztiek bizi-tza ematen diotela herriari eta Hernani horrelakoa dela eragile horiei esker”, adierazi zuen.
Ondoren, zerrendako Patxi Ibarguren, Aitor Lukas eta Amaia Minerrek datorren legegintzaldirako hainbat proiektu aipatu zituzten. Adibidez, Urumea ikastolaren eremuaren eta inguruko kaleen eraberritze integrala proposatzen dute. Lurpeko parkina eraikitzen hasiko dira eta kultur auditorioa kokatzeko gune aproposa dela diote. Urbanizazioa modu parte-hartzailean diseinatuko da eta kultur ekipamenduaren kasuan, kultur taldeekin batera landuko da.
Gainerako auzoetan ere beharrezko eraberritzearekin jarraituko dute eta irisgarritasuna bermatuko dute. Proiektu garrantzitsuena, Portu eta Elizatxo erdigunearekin lotuko duen igogailua da.
Bestalde, ikuspegi inklusiboa jorratuko dute, errealitate ezberdinei ahotsa eman eta tokia egiteko.
Gainera, Auzozaintza proiektua auzo guztietara zabaltzeko konpromisoa hartu dute.
Etxebizitza sozialak eraikitzea izango da Gobernuan mantentzen badira bere lehentasuna.
Eta, enegia berriztagarriak herritarren eskura utzi nahi dituzte.