San Isidro Eguna, baserritarren eguna, izango da astelehenean herri askotan, baita Astigarragan ere. Herri honetako egitarau oparoa Goldea elkarteak prestatzen du eta urtero baserri bat omentzen dute. Aurten, Santiagomendi auzoko Larrabide baserria goraipatuko dute.

Baserri hau oso zaharra da, izan ere lehen aztarnetako bat 1552an dago dokumentatuta. Herrian errentan egon zen baserri bakarrenetakoa izan zen. Gainera, bere jabeak, Pedro Goikoetxeak, maizterrarekin “irabazi erdiko” ondasun-kontratua sinatu zuen. Era berean, 1660an Astigarraga herri bihurtzeko eskatzen zen maileguaren berma gisa ondasunak jarri zituzten 39 baserrietako bat Larrabide izan zen.

Gaur egun, Joxetxo Urretabizkaia eta Andoaingo Juani Otaño ardura-tzen dira baserriko lanetaz. Larrabide baserriak dituen ustiapen jardue-rarik nagusienak abeltzaintza eta baratzegintza dira.

Nekazaritza tradizionalean dihardute, “etxeko marka” zaintzean murgilduta. Oso gustukoak dira herrian bere babarrunak, ilarrak eta bestelako barazkiak. Sagardoa ere apartakoa egiten dute.

Abeltzaintzaren arloan, haragitarako hamar behi eta hamar txekor dituzte ukuiluan. Aurreko abereekin batera 40 ardi dauzkate.

Astelehenean, prozesio eta mezaren ondoren, Foru plazan, Larrabide baserriko produktuen erakusketa egongo da. Herriko bazkarian, Larrabide baserriko senitartekoei urteetan zehar egindako ahaleginak aitortzeko eta merezitako esker ona emateko, Baserri bizia izeneko oroigarria emango zaie.

Hernani eta Urnieta

San Isidro Eguna Hernanin eta Urnietan ere ospatzen da. Hernanin asteleheneko festa 11.00etan hasiko da meza batekin San Joan Bataiatzailearen elizan. Ondoren, gizonezkoen goi mailako eskuz binakako partida jokatuko da. 12.30ean Gonagorri baserriko Mari Karmen Bergaretxe eta Eusebio Munian Zubillaga omenduko dituzte. Bertsolariak ere izango dira eta hauek bukatzean emakumeen goi mailako pala partida izango da. Eguna amaitzeko herri kirolen erakustaldia antolatu da.

Ekitaldiak Atsegindegi plazan izango dira, baina euria eginez gero udaletxeko arkupeetara lekualdatuko lirateke.

Urnietan, astelehenean 11.00etan meza izango da eta hau amaitzerakoan baserritarrei hamaiketakoa emango zaie Lekaion.