Herritarrak modu gardenean eta eskuragarrian informatuta mantentzeko helburuz, Lazkaoko Udalak informazio-pantaila bat jarri du Elosegi kalean. Bi aldetako pantaila da.

Lazkaon instalatzen den lehen informazio-pantala da hau. Hiru metroko altuera duen egitura batean ipini da. Bi led panelek osatzen dute, 5,9 milimetroko pixelekin.

“Pantaila hori egokia da testuak, irudiak edo bideoak erakusteko, eta, bertan, Udalaren administrazio-informazioa, udalerriko agenda osoa eta sustatzen diren kanpainak emango dira”, azaldu dute Lazkaoko Udaletik bertatik.

Kokatu den lekuari dagokionez, “espazio hori aukeratu da zabalena delako eta pertsonen zirkulazio handiena duelako”, jakinarazi dute Udal taldetik.

Egunero martxan izango da pantaila, goizeko 8.00etatik, gaueko 0.00etara bitartean. Gauean, ordea, intentsitatea murriztu egingo da.