Hainbat ekimen antolatu dituzte Urretxu eta Zumarragako Bi-Tartean elkartearen 33. urteurrenaren haria.

Bi-Tartean sortzeko egin zen lehen bilera 1990eko maiatzaren 3an izan zen, Labeaga 31n (Alvareztarren etxean). Urteurrenaren inguruan antolatutako ekitaldiak han bertan aurkeztu zituzten, asteazkenean. Aurkezpenean lehen bilera hartan egon ziren bi merkatarik parte hartu zuten (Ana Alvarezek eta Mertxe Cobosek), beste hainbat merkatarirekin batera.

33. urteurrena ospatzea ez da batere arrunta, baina Bi-Tarteanek lortu duena ere ez da arrunta: duela 33 urte Zumarragan hipermerkatu bat irekitzea eragotzi zuen eta 33 urte hauetan merkataritza txikia eta bi herrietako kaleak bizirik mantentzea lortu du. Etsaiak handiak dira, baina merkataritza txikiak bezeroekin eta herrikin duen konpromisoa handiagoa da oraindik.

Herritarrekin bat

33 urte hauetan herritarrekin eta herriarentzat lan egin dute eta 33. urteurrena herritarrekin ospatuko dute. Hasteko, logoaren eguneraketa lehiaketa antolatu dute. Lehiaketa irekia izango da: herritarrek euren proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte, gaurtik hilaren 19ra. Oinarriak bitartean.eus webgunean daude.

Epaimahai batek aukeraketa bat egingo du eta hiru finalista geratuko dira. Hiru finalisten lanak Zumarragako Zelai Arizti kultur etxeko harreran jarriko dira eta herritarrek hiru finalista horietako bat aukeratuko dute. Erakusketan lehiaketara aurkeztutako gainontzeko lanak ere ikusi ahal izango dira.

Irabazleak 150 euroko erosketa balea eskuratuko du eta bozka ematen duten herritar guztien artean 30 euroko lau erosketa bale zozkatuko dira.

Datozen asteetarako ere hainbat ekintza antolatu dituzte: establezimenduak eta batez ere atzean dauden profesionalak hobeto ezagutzera emango dira (profesionalei protagonismoa emango zaie), establezimendu hauek kokatu egingo dira (plano komertziala egingo da), tokiko merkataritzaren, ostalaritzaren eta zerbitzu enpresen eguna ospatuko da, herriko jai ezberdinetan parte hartuko da eta elkartearen urteurren festa egingo da.

Bi-Tarteaneko kideek eskerrak eman zizkieten bizilagunei eta elkarrekin lan egiten jarraitzera animatu zituzten. “Orain arte egin duzuen bezalaxe, Urretxu-Zumarraga merkataritza, ostalaritza eta zerbi-tzu enpresen gunea aukeratzen jarrai dezazuen nahi dugu. Zuen eguneroko bizitza hobetzen lagun-tzeko gure gaitasunean sinesten dugu eta horregatik dakiguna zuekin konpartitzen jarraitu nahi dugu. Dagoeneko urte asko daramatzagu elkarrekin. Askok belaunaldi ezberdinak ezagutu ditugu eta beste askok belaunaldi gehiago ezagutu nahi ditugu. Elkarteak 33 urte bete ditu aurten eta zuekin ospatu nahi dugu”.

Ezaugarriak

Bukatzeko, Bi-Tarteaneko kideek Urretxu-Zumarraga merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresen gunearen ezaugarriak gogoratu zituzten. Profesionaltasuna, egokitzeko gaitasuna, konpromisoa, gertutasuna, berezitasuna eta harremana azpimarratu zituzten. “Gurean arituak eta adituak gara. Etengabe egoera berrietara egokitzen eta egunera-tzen dihardugu, oinarri sendoa dugulako eta egiten duguna maite dugulako. Herriarekin konpromisoa dugu. Herria bizi behar dela uste dugu. Zuekin batera herria bizi nahi dugu. Bizilagunak gara eta ezagutzen zaitugu. Ezberdinak gara eta ezberdintasuna maite dugu. Bizilagunen arteko harremanean sinesten dugu. Zuekin batera taldea osatzen dugu”.