Hondarribia Dantzan ekimena, Udalaren eta Kemen Dantza Taldearen artean antolatuta, aste honetan zehar izango da.

“Dantzaren eta, oro har, folklorearen inguruko festa da. Bertan hezkuntza eta alde ludikoa barneraturik daude. Kemen Dantza Taldearen helburu nagusienetako bat bailaran hainbat ekintza kultural susta- tzea izanik, Hondarribia Dantzan ere ildo horren barnean kokatzen dugu.”, azaldu zuen Juan Luis Silanes Kultura zinegotziak.

Aurtengoa XVII. edizioa da eta Kemen Dantza Taldeak aurten 50 urte beteko dituenez, edizioa 50. urteurrenaren inguruan kokatu eta ekimenari bultzada berezia eman nahi zaio, Hondarribiko kultur agendan erdigunean kokatuz. Horrela, larunbatera arte Zuloaga Etxean Kemen: 50 urtetako ibilbideari 50 begirada erakusketa ikusgai egongo da eta gaur Kemen: 50 urtetako ibilbideari hamaika begirada mahai-ingurua egingo da 19.00etan kultur etxean. Gainera, bihar erromeria egingo da Santiago kalean eta Santa Maria Madalena plazan, 19.00etan. Bestalde, larunbatean Euskal Herriko dantza talde gonbidatu batek emanaldi bat eskainiko du Itsas Etxean, 19.00etan (gonbidapenak Arma Plazan eta tickets.kutxabank.es-en eskuratu daitezke).

Azkenik, igandean Hondarribiko Dantzari Txiki eguna egingo da: goizean herrian zehar kalejira egingo da, ibilbidean geldialdi ezberdinak eginez, eta eguerdian dantza saioa Arma Plazan (eguraldi txarra egingo balu Soroetan izango da). Arratsaldean, erromeria egingo da Kasino Zaharrean.