Kalezar aldaketa batzuk izango ditu. Matia Usurbligo auzoan eraikitzen ari den zaintzadun etxebizitzen auzuneak igogailu bat eta N-634 errepidean autobus geltoki berri bat ekarriko ditu. Honela, ekipamendu hauek auzuneko egoiliar eta senideentzat ez ezik, herritarren onurarako ere izango dira, Kalezarreko irisgarritasuna bermatuz.
22 metroko desnibela gaindituko dituzte eraikiko diren bi igogailuek eta N-634 errepideko autobus geltoki berria, noranzko bakoitzean bana, egun dagoenetik metro batzuetara eraikiko dute, auzunearen oinean egon dadin.
Obren kostua 1,6 milioi eurotik gorakoa da. Udalak 480.000 euro ordaintzeko konpromisoa hartu du, hiru urtetan banatuta: 150.000 euro 2022an, 150.000 2023an eta 180.000 euro 2024an. Solaberrietak proiektu honek Usurbilentzat duen garran-tzia nabarmendu du: “Matiako auzunearen mugikortasun jasangarria bermatzeaz gainera, proiektu estrategikoa da Kalezar eta Ugartondoko eremuarentzat ere, nabarmen hobetuko dituelako garraio publikoaren erabilera sustatzeko baldintzak, eta, beraz, azpiegitura sozial garrantzi-tsua da herriarentzat”.
Aurrekontuaren gainerakoa Matiaren ardura izango da, baita sor daitezkeen ezustekoak ere.
Igogailuaren obra egin ondoren, Udalaren gain geldituko da instalazioaren mantentze lanak egitea. Geltokien mantenuaren kasuan, Gipuzkoako Foru Aldundiarena izango da ardura.
Auzunearen proiektuaren hasieratik garbi izan zuten bizi osorako alojamenduek ziurtatu behar zutela irisgarritasun unibertsala. Alabaina, gehiegizko aurrekontuak kolokan jarri zuen proiektu osoaren bideragarritasun ekonomikoa, eta, ondorioz, bi fasetan egitea erabaki zuten: auzunea eta urbanizazioa lehenengo, eta finantzazioa lortutakoan geltoki berriak eta igogailua.
Orain, Europako funtsetatik 700.000 euroko laguntza jasota, bultzada garrantzitsua izan da proiektuarentzat.