Astigarragan Orri zuriak betetzen dokumentala aurkeztu zuten astelehenean. Lan honen bidez, gerra zibileko eta frankismo garaiko Astigarragako biktimak omendu, gogora ekarri eta errekonozitu nahi ditu Udalak, gertatu zenaren egia azaleratuz eta kontatuz. Honela, herriko memoria historikoa berreskuratzeko bidean beste pauso bat eman da.

Orri zuriak betetzen dokumentalaren abiapuntua Maddalen Laburu historialariak burututako gerra zibila eta frankismo garaiko Astigarrako biktimei buruzko ikerketa lana da. Ikerketa lan horretan 1936tik 1945erako epealdiko biktima astigartarren zerrenda osatu zuen. Ikerketa hori Astigarragako memoria historikoa berreskuratzeko 2017ko beka deialdiaren markoan bideratu zen, Memoria historikoaren ikerketa eta berreskuratze beka. 1936ko Estatu Kolpea, Gerra Zibila eta frankismoa Astigarragan izenekoaren baitan.

Dokumentala Eneritz Aulestia eta Unai Alberdik zuzendu dute eta Badator estudioa arduratu da errealizazioaz, edukia irudiekin jantziz. “Orri zuriak bete nahi izan dira eta, horretarako, biktima izan ziren astigartarrei eman zaie hitza; garai batean, beldurraren ondorioz zeharka idatzita edota idatzi gabe gelditu ziren orri zuriak modu batera edo bestera idazteko asmoz”, azaldu zuten atzo. Horretarako, biktima horietako batzuen senitartekoak elkarrizketatu dira eta horietaz gain, historian adituak diren herritarren parte-hartzea ere badu lanak.

Ikus-entzunezkoak ordubete eta 25 minutuko iraupena du eta euskaraz grabatuta dago, gaztelaniazko azpitituluekin. Dokumentalaren bi emanaldi egongo dira eta biak Erriberako antzokian izango dira.

Lehen proiekzioa ostiralean, 18.30ean, izango da. Emanaldian solasaldi laburra izango da eta han izango dira Josu Ibargutxi, Goldatu frankismo garaian atxilotu eta hildakoen senideen elkarteko bozeramailea; Maddalen Laburu, ikerketa lanaren egilea, eta Eneritz Aulestia eta Unai Alberdi, dokumentalaren zuzendariak. Bigarren emanaldia maiatzaren 6an, 19.00etan izango da. Bi emanaldiak doan izango dira.

Alkateak, Xabier Urdangarinek, azaldu zuenez, dokumentalak iragan hurbilaren ikuspegi kritiko bat erakusten du eta ekarpen baliagarria da gertatutakoa ez ahazteko, onartzeko, horri buruz hausnar-tzeko eta aurrerantzean errepikatuko ez dela erabakitzeko: “Zauri asko sendatu gabe daude eta egin beharreko bidea luzea den arren, ezin dugu ezikusiarena egin; bereziki garrantzitsua da, belaunaldi berriek, gertatu dena ezagutzea protagonisten eskutik eta gertatutakoaz ikastea, gertatutako horren memoria partekatu bat eraikitzeko eta bizikidetza berreraikitzeko”.

Alkateak gogorazi zuenez, Udalak, azken urteotan, hainbat urrats eman ditu biktimen errekonozimenduan eta erreparazioaren bidean.