Kilometroak 23ren markoan, 12 orduz Erriolan ekimena izango da datorren maiatzaren 6an Errenterian. Hau da, proiektuaren izenak dioen bezala, 11.00etan hasi eta 23.00etara euskara ardatz izango duten hainbat arte diziplinatako emanaldiak programatuko dituzte Lehendakari Agirre plazan (Lino) sortuko diren hainbat espaziotan.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, ekimen parte-hartzailea izango da: “Herriko, eskualdeko eta bailarako sortzaileei oholtza bat eskaintzea da asmoa. Margolariek, dantzariek, musikariek, kontalariek, antzezleek, malabaristek… guztiek izango dute tokia”. Gainera, esan dutenez, diziplinetan ez ezik, artista zein publikoaren adinari dagokionez ere aniztasuna bilatu nahi dute.

Hortaz, ekimen honetan parte hartu nahi duten artistek kilometroak.eus webguneko agenda atalean aurki daitekeen formularioa bete beharko dute euren proposamena zehaztuz. Horretarako epea datorren ostiralean amaituko da. Ondoren, lantaldetik jarriko dira zuzenean harremanetan eragile horiekin.

12 orduz Erriolan ekimena Orereta ikastolako komunitatea Kilometroak 23ren harira urte osoan zehar antolatzen ari den ekitaldietako bat da. Programazio osoa urriaren 1ean ospatuko den jaiarekin bukatuko da.

Hurrengo ekitaldia maiatzaren 20an izango da Adaxka berriak ikuskizunaren estreinaldiarekin. Kilometroak 23k propio ekoiztutako ikuskizun bat da eta eta Musikasteren barruan aurkeztuko da.