Irurako haurreskolako lehenengo solairuan erabilera anitzeko espazioa eta elkarteentzako bilgune berria eraiki da. Izan ere, 2020eko udazkenean egindako hiru udal-eraikinen inguruko partaidetza prozesuan horrela erabaki zen. Herriko elkarteek erabili ahal izango dute aurrerantzean.

Herrigintzaren arloan, kultura zutabe nagusietakoa dela begi-bistakoa da. Iruran lanean diharduten elkarteei esker, gero eta handiagoa eta anitzagoa da kultur eskaintza. Bide honetan, guztien arteko elkarlana sustatzeko helburuarekin jarri zen martxan Kultur Mahaia.

“Irura herri bizia izatea da partekatzen dugun helburu nagusia, bakoitza bere autonomiatik, baina norabide berean. Udalaren ardura da elkarlan hori sustatzea eta bultzatzea. Beraien jardunerako beharrezkoa duten laguntza ematea ezinbestekoa da Udalarentzat, izan baliabide ekonomiko zein materialak”, azaldu du Irurako Udalak. Kasu honetan, elkarte hauentzat bilgune izango den espazio berria eraiki da haurreskola gaineko solairuan.

Espazioaren diseinuak hainbat erabilera anitz izatea ahalbidetuko du. Halaber, zenbait kirol praktikatzeko (yoga, mindfulness,..) gune egokia izango da, isiltasuna eta lasaitasuna bermatzen dituelako.

Espazioa egokitzeko lanak 136.071 euroko kostua izan du eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol departamentuaren laguntza jaso du (54.429 euro) proiektua aurrera eramateko.