Astigarragako Udala Mugiment programan dago hilabete honen hasieratik. Proiektu honi esker, Astigarragako kiroldegiko bazkideek Euskal Autonomi Erkidegoan (EAE) Mugiment Kirol Txartelaren partaide diren herrietako instalazioak erabil ahal izango dituzte dohainik.

Gaur egun beste 87 udalerri daude atxikita. Horien artean, Bilbo, Donostia eta Gasteiz hiriburuak eta Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako beste hainbat herri, besteak beste, Oiartzun, Errenteria, Pasaia eta Lezo. Guztira, Mugiment Kirol Txartela 151 kirol instalaziotan erabil daiteke, kiroldegiak, frontoiak eta igerilekuak barne.

Mugiment txartela, txartel birtuala da, beraz beste herrietako instalazioak erabiltzeko, Internetera konexioa duen mugikor bat izan eta Mugiment Kirol Txartela App-a instalatu besterik ez da egin behar.

Datu pertsonalak jarri ondoren, hauek balioztatuko dituzte eta notifikazioa jasoko du erabiltzaileak. Orduan, Mugiment kirol txartela erabilgarri izango du. Hau egindakoan, udalerri bakoitzeko abonatuak beste herrietako kirol instalazioetara sartu ahalko dira, gastu gehigarririk gabe. Sartzerako garaian, erabiltzaileak txartel birtuala eta NANa erakutsi beharko ditu. Azkenik, instalazioko harrerako langileak sarrera erregistratu, erabiltzailearen mugikorrean egiaztatze kodea sartu eta sarrera emango du.

Herri bakoitzak kanpoko abonatuek zein instalazio eta zein ordutegian erabili ditzaketen ezartzen ditu. Erabilgarritasuna ere aplikazioaren bidez kontsultatu ahal da.

Ordutegia

Momentuz Astigarragako kiroldegiak Mugiment Kirol Txartelan atxikituta dauden beste herrietako erabiltzaileentzat honako zerbitzuak eskainiko ditu: finess-gela, astelehenetik ostiralera 7.00etatik 17.00etara, larunbatetan 9.00etatik 19.00etara eta igandeetan 9.00etatik 12.00etara; eta kiroldegiko ikastaroak. Astigarragako kiroldegiko ikastaroetako informazio gehiago https://www.astigarraga.eus/eu/kirola loturan eskuratu daiteke.

Astigarragako Udalak instalazio eta ekintza horiek ordutegi zehatz horretan eskaini ditu eskakizun gutxien dauden uneak direlako, honela herriko bazkideek eragozpenik ez izateko.

Mugiment Kirol Txartela Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako proiektu bat da, atxikitako udalerriekin batera. Helburu nagusia kirola sustatzea eta herritarrei egindako kirol eskaintza handi-tzea da.

Informazio gehiago eskuratzeko www.kiroltxartela.eus webgunea kontsultatu daiteke.