Hamar egun besterik ez dira falta 2023ko San Prudentzio jaiei hasiera emateko. Hamaika egunez festa giroz apainduko da Lazkao. Musika eta kolorea, mozorroak eta umore ona, izango dira bertan protagonista nagusi. Lazkaotarrak zein goierritarrak gogotsu daude, normaltasun osoz ospatuko baitira berriz ere San Prudentzio Jaiak.

Udalak, udalerriko eragile zein taldeekin elkarlanean, egitarau anitza antolatu du festa egunetarako. Adin zein gustu guztientzako ekintzak osatzen dute programa. “Mimo handiz eta ilusioz bete osatu dugu ekintza bakoitza, berriz ere, urteroko eran, lazkaotar zein bisitari guztiok batu gaitezen eta elkarrekin disfrutatu dezagun”, adierazi du Kepa Zubiarrainek, Lazkaoko alkateak.

“Aurtengoan, hasiera, Antzar Korrikalariak taldeak emango dio, apirilaren 21ean suziria jaurtiz. Urtero egindako ibilbideari, zein herriari egindako ekarpenari, esker ona emanez”, adierazi du Zubiarrainek. 18.00etan izango da txupinazoa, Jundajo Txarangaren doinupean. Gainera, Lazkaoko Erraldoi eta Buruhandiak izango dira bertan. 20.00etan kontzertuei hasiera emango zaie: The Solandes, Metodo Ripley, Rhytmic Disorder eta Distorted Bass izango dira festetako lehen ostiralean agertokira igoko diren taldeak.

Larunbatean, hilaren 22an, Mozorro Eguna ospatuko da. 12.00etan Jundajo Txaranga, 17.30ean Kiki, Koko eta Moko pailazoak, 19.30ean magia poteoa eta 22.00etan Etxepe eta Esne Beltza taldeen kontzertuak izango dira. Igandean, berriz, Artisau Azokaz gozatu ahalko da 10.00etatik aurrera, eta ordu berean, jubilatuek ibilaldi neurtuari hasiera emango diote. Arratsaldean, Pepa eta Kutxo pailazoen ikuskizunaz disfrutatzeko aukera izango dute txikienek. Hurrengo ostegunean, aldiz, udalerrian bizi diren pertsona helduenek Tolin Mariatxiekin une polita igaroko dute; Txindoki gerontologikoan eta Orobionen izango dira arratsaldean.

San Prudentzio eguna izango da hurrengo jai eguna, apirilaren 28a. Goizeko 9.00etatik gaueko ordu txikietara arte ekintzak izango dira Lazkaoko herrian. Pelota partidak, meza, soka-dantza, batukada eta kontzertuak izango dira, besteak beste, udalerrian.

Maiatzaren 7ra arte beste hainbeste ekintza izango dira, egunak aurrera egin ahala egunkari honetan argitaratzen joango garenak.