Hondarribiko Udalak Bertako Produktuaren Astea antolatu du apirilaren 17tik 22ra bitartean, ekoizleen lana nabarmentzeko eta produktu horiek herritarrei hurbiltzeko helburu nagusiarekin.
Asteari hasiera emateko, apirilaren 17an, 17.00etan, Badia Tabernako Amaia Urdangarinek Hondarribiko antxoak erremolatxa carpaccioarekin eta marrubi ozpinoliotan prestatzeko tailer bat eskainiko du. Egun berean, 18.30ean Tatapas Gastrotekako Adur Arrietak bertako produktua eta Vietnamgoa uztartzen dituen sukaldaritza erakutsiko du.
Hurrengo egunean, 18.00etan, Hondarribiko Batzokiko Iñaki Gezala basatxerri pudina Hondarribiko barazki salteatuekin eginiko errezeta erakusteaz arduratuko da. 18.30ean, aldiz, Danontzat Gastrotekako Gorka Irisarrik Km0 produktuen garrantzia erakutsiko du modu dibertigarrian.
Apirilaren 19an protagonistak haurrak izango dira. Alde batetik, 17.00etan Amona Margaritako Martin Beramendik txokolatezko madalenak prestatzen erakutsiko die. Bestetik, eta ordu berean, Garuan euren etxeetan pizza bat nola egin ikasiko dute eta, ordu bat beranduago, ozogintza oso dibertigarria izan daitekeela. Hilak 19ko azken hitzordua 18.00etan izango da ere eta helduek Itsas Etxea elkartean Erdi Aroko errezetak ezagutu ahal izango dituzte.
Hurrengo egunean, hau da, apirilaren 20an goizean, San Gabriel egoitzan Amaia Urdangarinek bertako produktuarekin showcooking-a egingo du egoiliarrentzat. Arratsaldean, 17.00etan, Laia erretegiko Jon Ayalak haragiari eta txingarrari buruzko tailerra eskainiko du.
Ostiralean, hilak 21, 17.00etan Arraunlari Berri jatetxeko Jon Cousok gure baratzetako barazkiak garbitzen eta mozten erakutsiko die parte-hartzaileei, menestra bikain bat prestatzeko. Ordu bat beranduago, leku berdinean, txikiek Hondarribiko arrain brotxetak prestatzen ikasiko dute.
Astea bukatzeko, larunbatean azokan haurrek Santa Maria Madalenako Maider Alberroren eskutik azokako poltsak apainduko dituzte, 10.00etan, eta 11.00etan iltzatakoak apainduko dituzte gero etxera eramateko. Ordu berean, Gorka Irisarrik showcookinga eskainiko du, eta Julian Iantzik aurkeztuko du saioa.
Ekimen ezberdinetan parte hartzeko izena emateko epea 12ra arte zabalik egongo da eta www.hondarribia.eus webgunean egin behar da.