Ixabel Olano parkearen obrak jarraitzen dute eta bide honetatik doaz Beasainen; azken ukituak besterik ez baitira falta jolas-eremu berria beasaindarrentzat prest egon dadin. Dagoeneko ur-azpiegitura, argiteria, zoladura eta haur-jolas guneko lanak bukatuta daude. Lorezaintza lanak eta azken akaberak falta dira parkea erabat berrituta egon dadin.

Pasa den astean, Leire Artolak, Beasaingo alkateak, udal ordezkari eta lanen arduradunekin batera, Ixabel Olano parkea bisitatu zuen, xehetasunen egoera ezagutzeko gogoz. Gunea aztertu eta gero, alkateak balioan jarri zuen parkearen eraberritzean izandako herritarren parte-hartzea. Izan ere, elkarlanean sortutako eta aurrera eramandako proiektua izan da. “Eraberritze sakon baten premia zuen parkeak, desitxuratua eta gabeziak zituen eta honelako espazioa proiektuaren egileekin eta auzotarren ekarpenekin berreskuratzea garrantzitsua izan da” adierazi zuen Artolak.

2021ko irailean Beasaingo Udalak galdetegi bat zabaldu zuen, herritarren ekarpenak jasotzeko asmoz. Horrela, irisgarritasunaren hobekuntza, jolas gunearen birgai-tzea eta berdeguneak handitzea erabiltzaileen nahi nagusiak zirela jakin zuen gobertu taldeak. Gainera, parkearen argiztapena hobetzea eta eserleku gehiago ipintzea eskatu zuten galdetegian parte hartu zuten bizilagunek.

Proiektua osatu eta lanak esleitu ondoren, iaz urrian hasi zen parkearen birgaitzea. Eraispen fasea bukatu eta ur-azpegituren berrikusketa egin zen. Oria ibaira zuzeneko isurketak ekiditeko, hoditeriaren aldaketa baliatu zen, saneamendu sistema bikoitza ezarrita. Hori esker, euri-urak eta ur zikinak jaso eta desberdin tratatuko dira. Karobi kalearen birgaitzea eta parkeko zoladura eta irisgarritasuna hobetzeko lanak ere burutu ziren, baita jolas gunearen eraberritzea ere, udalerriko beste parkeen osagarri izateko.

Berdeguneei dagokienez, sakabanatuta zeuden belardiak bateratu dira eta baldintza txarretan zeuden zuhaitzak bertako espezieengatik ordezkatu dira. Bestalde, parkeari itxura ederragoa emateko kolore desberdinetako loreak jarriko dira.