1.550 adineko pertsona bizi dira Urretxun. Horietako askok bakardade egoerak eragin ditzaketen arrisku faktoreak dituzte: bakarrik bizitzea, osasun edo mugikortasun arazoak izatea, etxebizitza ez irisgarrietan bizitzea, laguntza sare murritza izatea… Hori dela eta, Urretxuko Udalak eta Adinkide elkarteak bakardadea sentitzen dutenei laguntzeko boluntario taldea martxan jarriko dute.

Bakardadearen aurkako egitasmoa atzo aurkeztu zuten, udaletxean. Ekitaldian Maialen Fidalgo Gizarte Ekintzako zinegotziak, Josune Toquero Urretxuko Adinkideko arduradunak eta Mercedes Villegas Adinkideko zuzendariak parte hartu zuten.

Adinkide boluntariotzako erakunde bat da, irabazi asmorik gabekoa. 2017az geroztik, konpainia, afektua, elkarrekiko laguntza eta adiskidetasuna eskaintzen dizkie Gipuzkoan bakardade arriskuan edo egoeran dauden adineko pertsonei.

Elkartasuna

Adinkide fundazioak herritarren parte-hartzea eta belaunaldien arteko elkartasuna sustatuko duen tresna izan nahi du. Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzari esker, 100 adineko pertsona inguru artatzen ditu dagoeneko Gipuzkoako hiriburuan, Lasarte-Orian, Tolosan eta Pasaian.

Hurrengo boluntario taldea Urretxun sortuko du. Toquerok boluntario taldearen sorrera bultzatuko du. Urretxuko Udalaren eta herriko eragileen laguntzarekin, bakardadea sentitzen duten edo gizartean aktibo mantendu nahi duten adinekoak detektatuko ditu. Ondoren, guztiak bisitatuko ditu, beraien etxeetan zein egoitzetan, haien behar afektiboak eta lehentasunak aurrez aurre ezagu-tzeko eta horiei egokitutako erantzuna eskaintzeko.

Nahi duten herritar guztiak izan daitezke Adinkideko boluntario. Bi baldintza bakarrik bete behar dira: adinez nagusia izan behar da eta informazio saio batean izena eman behar da. Ondoren, elkarrizketa pertsonala egiten da.

Lehenengo informazio saioak apirilaren 12an (12.00etatik 13.00etara) eta 13an (18.30etik 19.30era) izango dira. Online egingo dituzte (Zoom bidez). Saio horietan, Adinkide elkarteari eta bere boluntariotza programei buruzko informazioa emango da.

Saio horietan izena emateko edo informazio gehiago lortzeko, urretxu@adinkide.org helbide elektronikora idatzi behar da edo 607 612 460 telefono zenbakira deitu. Adinkide.org webgunean ere izena eman daiteke.

Boluntarioek adineko pertsonekin denbora eta adiskidetasuna partekatuko dute, Adinkidek antolatzen dituen banakako eta taldeko topaketetan: meriendak, ibilaldi osasungarriak, kultur ekitaldiak, jaiak…