Ilias Abouallal futbol jokalari zumarragarrak Marokoko 16 urtez azpiko selekzioarekin jokatuko du. Abouallalek Montaiguko txapelketa ospetsuan parte hartuko du, Frantzian. Aurrelaria da eta Realeko jokalaria da. Kadete mailako Euskal Ligan jokatzen du. Bere taldean beste bi zumarragarrek joka-tzen dute: Telmo Etxeberriak eta Naier Ezkerrak. Talde berean Eiji Kubok jokatzen du, Take Kubo lehen taldeko jokalariaren anaiak.

Montaiguko txapelketa igandean hasiko da. Marokok igandean 18.00etan Mexikoren aurka jokatuko du, asteartean 19.00etan Errumaniaren aurka eta ostegunean 19.00etan Boli Kostaren aurka.

Abouallal familia 2009tik bizi da Euskal Herrian. Nabilek, bere anai nagusiak, Antiguokon jokatzen du. Beraien aita Mahlek-ek Marokoko selekzioaren deia jasotzeak asko poztu dituela esan du. “Horrelakoak ez dira egunero gertatzen. Iliasek marokoar odola darama eta pozik gaude, noski”.

Bi anaiek Urolarekin duten harreman estua azpimarratu du. “Mutikotan hasi ziren Urolan jokatzen eta herrian oso ezagunak eta maitatuak dira. Hemengoak dira. Egun Realean eta Antiguokon jokatzen duten arren, ez dute Urola ahaztu. Nabil-ek Urolako neska talde bat entrena-tzen du eta Iliasek Urolako mutil talde bat”.