Zumarragako Udalak amiantoaren biktimen mozioa onartu du. Alderdi guztiek herrian dagoen amiantoa kentzea onartu dute. Osoko bilkuran amiantoaren biktimek parte hartu dute.

Amianto zuntzak xurgatzeak ondorio kaltegarriak ditu osasunean eta XX. mendeko bigarren erdialdean material hau asko erabili zen Euskal Herriko fabriketan. Gipuzkoa 100.000 biztanleko hildako gehien dituen bigarren lurraldea da, Estatu mailan. Zumarragan ere badaude biktimak.

2002an amiantoa erabiltzea debekatu zen, baina oraindik eraikin publiko eta pribatu askotan instalatuta jarraitzen du. 1965etik 1985era erabili zen batez ere eta 40-50 urte ondoren degradatzen hasten da: zuntzak askatu egiten dira eta hautsa xurga-tzeko arriskua dago. Ikerketa baten arabera, Estatu espainiarrean 130.000 pertsona hilko dira amiantoaren eraginez 2050. urtea heldu baino lehen.

Legearen arabera, apirilaren 9a baino lehen amiantoa duten instalazioen errolda egin behar da eta Zumarragako Udalak oraindik ez du egin.

Osoko bilkuran, errolda urriaren 1erako egitea, udal instalazioetako amiantoa 2028ko urtarrilaren 1erako kentzea eta Gizarte Zerbitzuek biktimei laguntzea onartu zen. Rosa Maiza zinegotziak Udala gaia lantzen ari dela eta amiantoa Badiola lantegiaren pabiloietan bakarrik aurkitu dela esan zuen.