Aste honetan Errenteriako Lousada 40ko bizilagunak beren etxeko atarira atera dira, Oarsoaldeako Etxebizitza Sindikatuarekin, bizi duten egoera ez datorrelako bat alokairu sozialeko etxebizitza batekin. Alokabidek kudeaturiko eraikinean 52 etxebizitza daude, 2021eko maiatzean estreinatu zirenak.

Aditzera eman zutenez, “hasteko, komunitate kuotekin zerikusia duten arazoekin egin zuten topo bizilagunek sartu eta berehala”. “Hauek oinarrizko alokairuaren prezioa asko hazten dute, bizilagunetako inork ez duelarik gaur arte horrenbesteko kuotarik ordaindu izan, iraganean bizi izan diren tokietan”, azaldu zuten.

Bestalde, uraren hornidurari dagokionez, Alokabidek kudeaketa enpresa pribatu bati eman ziola kritikatu zuten. “Ezarririko sistema honek, eguneroko mantenu kuota bat ezartzen dio bizilagun bakoitzari, azken hau bakoitzak erabiltzen duen kopuruari batu behar zaiolarik”, salatu zuten.

Azkenik, eraikinak “hasiera-hasieratik” eraikuntza arazoak (hezetasunak, berogailu sistemaren matxurak...) izan dituela aipatu zuten.

Horiek horrela, arazo eta baldin-tza hauen arduradunei egoera iraultzeko bidea egin dezaten eskatu zieten.