Legealdia bukatzear den honetan, orain artekoaren errepasoa egin du Izaro Elorza Arregi (Oñati, 1983) Oñatiko alkateak. Besteren artean, onartu du exijentzia handiko urteak izan direla, eta “pozik” da udal gobernuak unean uneko egoerei emandako erantzunarekin eta horrek berretsiriko kudeatze gaitasunarekin. Bada, lau urteotan egindakoez, gobernantza ereduaz, aurrera begirakoaz… egin du berba alkateak.

Nola baloratzen duzu, oro har, amaitzear den agintaldia?

Gorabeherez beteriko agintaldia izan da, exijentzia handikoa. Unean uneko erabakiak hartu beharra izan dugu, eta aurretik ikusi bariko egoerak topatu ditugu, batez ere, covid-aren eraginez. Baina esango nuke, egoki heldu diegula urte hauetan guztietan agertu diren erronkei. Kudeaketarako gaitasuna erakutsi dugu. Are: covid garaian, esaterako, inertzian erori gabe, harago egin genuen, besteren artean, lehen sektoreko ekoizleen azoka, herriko neska-mutikoentzako udaleku irekiak eta kultur eskaintza zabala mantenduz. Ez ziren asko izan horren hautua egin zuten herriak. Ahalegin handia eskatzen zuen, bai, baina sinetsita geunden egin beharra genuela, lehen sektorearengatik, kultur eragileengatik eta kontziliazio arazoak zituzten familiengatik, besteak beste. Horretan geratu barik, martxan ziren proiektuez aparte (Zubikoa kiroldegiaren eraberritzea, Araozko Ostatuaren proiektua eta Natur Eskolaren birgaitzea, kasurako), berriak abiarazi ditugu urteotan. Konpromiso batzuekin ekin genion legealdiari, eta, argi genuen, egoera batean zein bestean, horiei heldurik jardun beharra genuela. Horretan sinesten dugu Oñatiko EH Bilduren udal gobernuko kideok. Eta berretsia geratu dela esango nuke. 

“Herritarren bidelagun da Oñatiko Udala, uste baitugu hori dela, hein handi batean, herri dinamiko, dabilen herri, egiten gaituena”

“Oñati, dabilen herria” leloa duzue zuen egina. Zer esan gura du? 

Oñati herri aktiboa da. Herritarrak, batean zein bestean dabiltza lanean, izan eragileetan, auzoko jaietan, elkarte gastronomikoetan, aldian aldiko hitzorduen antolaketan, espazio desberdinetan… Hemen, asko eta askotarikoak dira herritik sortu diren ekimen eta dinamikak. Pozgarria da hori. Indarra badago, herriaren alde jarduteko konpromisoarekin eta gogoarekin batera, eta bitartekoak jarri beharrean gara horrek berdinean segi dezan. Aldiz, badira hori egin ez, eta herritik sorturikoei trabak jartzen dizkieten politika egiteko erak ere, guztiak udalaren kontrolpean egon beharra duenaren ustean-edo. Hori ez da gure eredua, inolaz ere. Geu herritarrak gara, batean zein bestean ibilitakoak eta, orain, herriaren egunerokoa kudeatzeko konpromisoari heldurik gabiltzanak. Badakigu zer den herrigintza. Horregatik, herritarren bidelagun da Oñatiko Udala, uste baitugu hori dela, hein handi batean, herri dinamiko, dabilen herri, egiten gaituena. Oñatik norabide aldaketa garbia egin du azken hamarkadan, onerako, esango nuke; eta horretan sakontzen jarraitzea dagokigu. 

Askotarikoak dira partaidetzaren alorrean abiaraziriko egitasmoak…

Hala da. EH Bildurentzat partaidetza ez da hitz soil bat edo unearen eta beharren arabera abiarazi zein deusezta daitekeen zerbait. Partaidetza, gure gobernatzeko ereduaren parte da, eta horren erakusgarri dira azken urteotan abiaraziriko egitasmoak. Are: partaidetza ez dugu udaleko alor bakarrera mugatu, eta dagoeneko askok dute euren egunerokoan sartuta. Partaidetzazko Aurrekontuetatik harago, azken urteotan partaidetza prozesuak abiarazi ditugu jolas guneen diagnostikoan, Oñatiko Gaztelekuan, Nagusien Mahaian, Emakumeen Etxean… Eta, artean, gehiago sakondu dugu alorrean, herritarren parte-hartzea, lankidetza publiko-soziala eta irekiera instituzionala arautzen duen udal ordenantza sortuta; partaidetzan oinarrituriko gobernatzeko modua egonkortzea dakar horrek. 

“Esango nuke egoki heldu diegula urte hauetan guztietan agertu diren erronkei. Kudeaketarako gaitasuna erakutsi dugu”

Eta berdintasunaren alorrean ere buru-belarri jardun duzue…

Bai. Berdintasunaren gaia alkatetzatik kudea-tzeko hautua egin genuen, uste baitugu berdinetik berdinerako harremanaren aldeko lan hori alor guztietara eroan beharra dagoela, guztiek halabeharrez behar dutela izan barnebildurik. Bide horretan, esangura handiko proiektuak jarri ditugu martxan azken urteotan, konpromisoaren erakusgarri: II Berdintasun Plana, Emakume Kontseilua formalki eratzea, Emakumeen Etxea (proiektua haren osotasunean sortzeko prozesu parte hartzailea eta espazio fisikoaren eraikitzea), udal mailako berdintasun plana, berdintasunean oinarrituriko gobernantza…

Erreferente bilakatu zarete alor askotan. Nola lortu duzue hori?

Ez dakit erreferente bilakatzea den, edo, zer den. Baina, bai, dagoeneko hainbat espaziotan izan gara proiektu ezberdinak aurkezten. Finean, bestelako ereduak abiarazteko ahaleginean gabiltza, bidezkoagoak, herritarren mesedera eta tamainara eginikoak, oinarrizko zerbitzuen berme direnak… Horrek, asmatu edo hedatu gabeko proiektuak sortzera eroan gaitu. Esan moduan, ez gara inertzian erortzearen zaleak, eredu batean sinesten dugu, eta horren aldeko lanean gabiltza. Zorionez, geroz eta gehiago dira halako ereduen alde egiten duten udalak. Eta, hor, garrantzitsua da esperientziak partekatzea. Hainbaten artean, azken urteotan, Onaro Oñatiko telekomunikazio operadoreak, herriko partaidetza ereduak eta prozesuek, energia alorreko politikek, Natur Eskola eraberrituak… sortu dute beste erakundeen interesa. Gainera, Natur Eskolaren kasuan, laguntza esanguratsua jaso dugu Europar Batasuneko Next Generation funtsetik, eta hori ere aitortza modura har liteke; hark, gaurko eta etorkizuneko mundu mailako erronka esanguratsu den iraunkortasuna du helburu nagusi. Pozgarria da hori. 

Maiatzeko udal hauteskundeetan EH Bilduren zerrendaburu izango zara berriz ere.

Hala da. Lau urteotan egindakoari jarraipena emateko gogoz, ilusioz eta indarrez nago. Lan talde sendoa dut inguruan, eta motibazio iturri den proiektu bat. Ikusi dugu herria nola aldatu den azken 11 urteotan, EH Bildu orduantxe sartu zen lehenengoz udal gobernuan, eta horretan sakontzen segitzeko konbikzioz gaude. Martxan ditugu hainbat proiektu, esangura handikoak, baina hortik harago joan gura dugu, berriak abiaraziz. Finean, proiektu sendoa dugu, eta hori egikaritzea dagokigu. Ardura handia da, bai, baina, egia esan, bidea askoz eramangarriago da taldekideekin eta herritarrekin batera egiten denean. Horixe berretsi ahal izan dut lau urteotan. Gainera, lau urteren ostean, gogo, ilusio eta indarraz aparte, esperientzia ere badugu. 

Zeintzuk behar lukete izan aurrera begirako erronkak?

Martxan diren proiektuez aparte, garrantzitsua da berriak abiaraztea, beti ere, norabidea argi izanda. Esangura handiko erronkak ditugu aurrera begira, eta behar moduko erantzunak behar dituzte horiek. Batetik, aldaketa demografikoa dator. Zahartzen dabil herrietako biztanleria, eta gure politikek eta proiektu proposamenek halabeharrez hartu beharko dute hori aintzat. Bagabiltza urratsak egiten, Nagusien Mahaia sortuta eta helduen zaintzan sakontzen, esaterako. Eta harago egin gura dugu. Bestetik, iraunkortasunaren erronka dugu. Hark, energia berriztagarriak, ingurumenaren zaintzan oinarrituriko politikak, mugikortasun iraunkorra, tokiko elikadura… barnebiltzen ditu. Zorionez, badugu esperientzia iraunkortasunean, ez gara hasi berriak halako politiketan, eta hori funtsezkoa izango da etorkizunerako. Eta badira esangura handiko erronka gehiago ere, batekoak zein bestekoak. Prest gaude horiek behar moduan heltzeko.