Euskararen ezagutza ez da gehienetan islatzen haren erabilerarekin. Zein da Debagoieneko errealitatea? “Euskararen egoera Arrasaten impasse moduko batean dagoela esango nuke, argi-ilunez beteta. Ezagutza mailak ez du gora egin azkeneko hamarkadan, %55aren bueltan dago. Dena dela, datu kuantitatiboak baino gehiago, datu horien atzean dagoenari erreparatuko nioke. Geroz eta gehiago dira euskara etxetik kanpo jasotzen dutenak, geroz eta gutxiago euskara etxeko hizkuntza nagusitzat daukatenak…, eta horrek eragin zuzena dauka erabileran eta hizkuntzaren kalitatean”, dio AEDko (Arrasate Euskaldun Dezagun Elkartea) dinamiza-tzaile den Itxaro Artolak. 

AEDk eta Soziolinguistika Klusterrak elkarlanean egindako hizkuntzen kale erabileraren azkeneko datuak 2021ean egindako neurketari dagozkio. “Batez beste, kalean %26,3 da euskararen erabilera, duela bost urte baino puntu bat gutxiago”, ohartarazi du Artolak. Nabarmendu du, gainera, lan honen emai- tzen arabera, “historikoki” euskara gehien erabili izan den zonaldean, erdigunean, jaitsiera handia izan dela. Aldiz, “erdaldunagotzat ditugun auzoetan gora egin du, Makatzena aldean bereziki”. 

Arrasateko elkarteko dinamizatzaileak azpimarratu du emakumeek jarraitzen dutela euskaraz hitz egiten gizonezkoek baino bost puntu gehiago, eta adinari begiratuz, “kezkagarria da 15 eta 24 urteko gazteen artean jasotako beherakada”.

Oso antzeko egoera bizi da Aretxabaletan. Izan ere, beheranzko joera atzeman da herri honetan. Soziolinguistika Klusterrak 2021ean (azken neurketa) behatutako 3.521 solaskideetatik %41,2k ziharduten euskaraz (hamar herritarretik lauk); 4,3 puntu gutxiago 2016an egindako aurreko azterketarekin alderatuta. “Beheranzko tendentzia dago, bai, eta latza da hori. Dena den, uste dut orokorra dela joera; hau da, inguruko herrietan ere antzeko egoera baitago”, gehitu du Koldo Zubillaga Euskara Zinegotziak.

Une honetan, Bergarako biztanleen %68 euskalduna da, %15 ia euskalduna eta %17 erdalduna. “1981etik 2001era euskaldunak zazpi puntu igo ziren, hau da %63tik 70era; 2001etik 2011ra lau puntu jaitsi zen migrazioaren eraginez, eta ordutik hona zertxobait errekuperatu da”, adierazi dute Bergarako Udaletik. 

Kaleari erreparatuz, 2021eko neurketak %47ko emaitza eman zuen. “80ko hamarkadan bultzatu zen lehenengo aldiz ekimen hau, eta harrez gero, etengabe goraka joan zen kaleko erabilera. Gaur egun, batez beste %42-45 inguruan dabil”, zehaztu zuten Udaletik. Etxe barruan, familiarekin, %35 inguruk euskaraz egiten du; %43k gaztelaniaz eta %20k bietan. Kasu honetan hiru puntu jaitsi da azken hamarkadan.

Oñatin hizkuntzaren erabilera %71koa da kaleetan; Debagoienean, aldiz, %42,6k egiten du euskaraz”

Oñatiko kasuan hizkuntzaren erabilera %71koa da kaleetan orain dela bi urte egindako neurketaren arabera. “Azken hamar urte hauetan hiru aldiz egin da azterketa hau. 2011tik 2016ra igoera bat ikusi zen, eta 2016tik 2021era ere bai. Beraz, tendentzia orokor baten aurrean gaudela esan daiteke. Ea eusten zaion”, azaldu zuen Maialen Iñarrak, Soziolinguistika Klusterreko kideak, iazko azaroan egindako aurkezpenean. Beraz, Oñatiko datua Gipuzkoakoaren eta Debagoinekoaren oso gainetik dago. Gipuzkoan %30,6k egiten du euskaraz kalean eta Debagoienean, %42,6k.

Eskualdearen ikuspegi orokor batetik, hauek dira euskaldunen ehunekoak herri bakoitzean, Eustatek joan den urrian emandako datuak kontuan hartuta: Arrasate %55,4; Bergara %68; Oñati % 76,5; Aretxabaleta % 66,3; Eskoriatza % 59,5; Antzuola % 74,8; Elgeta %77,8, eta Leintz Gatzaga %85,4.

“Hizkuntza bat erabiltzeko eroso sentitu behar da hiztuna, naturalizatuta eduki nolabait esatearren”

Aukerak bermatu

“Euskararen aldeko ingurune bat eskaini behar zaio jendeari dakien euskara hori erabiliko badu. Hizkuntza bat erabiltzeko, berdin euskara edo beste edozein, eroso sentitu behar da hiztuna, naturalizatuta eduki nolabait esatearren, eta horretarako, ingurune apropos bat izan behar du. Euskara jakitea ez da nahikoa, erabiltzeko aukerak bermatuta izatea funtsezkoa da, eta hemen ez daude. Euskarak egoera diglosikoan jarraitzen du hainbat eremutan, izan publikoa, izan pribatuak”, nabarmendu du Itxaro Artolak. AEDko elkarteko kideak euskararen erabileraren aldeko kontzientzia “geroz eta handiago” dela ere aipatu du: “Herriko komertzio, enpresa, kirol talde edo bestelako eragileen artean barneratzen ari dira euren jarduerak eta zerbitzuak euskaraz ematea garrantzitsua dela. Alde horretatik, baikorra naiz. Bagoaz aurrera. Poliki, nahi baino polikiago, baina bagoaz”.

Zenbait pertsona Aretxabaletako Durana kalea zeharkatzen. Anabel Dominguez

Bergarako Udalaren hitzetan, gaitasunaren eta erabileraren datuek adierazten dute “bidegurutze batean gaudela. XX. mende amaieran izan zen gorakadaren ondoren XXI. mende hasieran jaitsiera bat izan zen, eta une honetan, berreskurapen txiki bat izan dugu, baina ikusi egin beharko da aurrera begira ze bilakaera izaten duen”. “Gizarte esparruka esan genezake, batez ere, esparru soziokulturalean euskararen erabilera sendo samar dagoela, eta sozioekonomikoan, ordea, ahulago”, gaineratu dute.

Bestalde, guztiak bat datoz fokua gazteengan jarri behar dela. “Eskolaz kanpoko jarduera asko euskaraz jasotzeko aukera duten arren, euren erreferentzia kulturalak, erabiltzen dituzten sare sozialak… erdaraz daude, inposatutako hizkuntza hegemonikoetan, eta kanal horietatik eraikitzen dute euren bizi ikuspegia. Horrekin esan nahi dut erronka handia dugula horiek euskaraz eskaintzen; ikus-entzunezko mundua, esparru digitala euskaratik erakargarriago egiten. Gauza bera esan daiteke kirolaz ere. Hainbat kirol taldek euskararen erabilera baloretzat dute, baina maila profesionalean oso erdalduna da kirola, eta erreferen-tziazko kirolariak beste horrenbeste”, dio Artolak. Testuinguru honetan, AEDko dinamizatzailearen iritziz, “eredu euskaldunak eta euskarazko baliabideak eman behar dizkiegu gazteei, euskarari prestigioa emateko, gazte munduarentzat ere baliagarria dela sentiarazteko. Hori egin ezean, jai daukagu adin batzuetan”.

“Gaitza estrukturala da, ez lokala. Administrazioek inbertsio ekonomiko handiak egin beharko lituzkete esparru horiek euskalduntzeko (mundu digitala, lan mundua, kirola…), eta lege aldetik egiten dutena baino gehiago estutu, esate baterako, enpresei euskara planak exijituz, dirulaguntza deialdietan hizkuntzaren erabilera normalizatzeko baldintzak eskatuz, produkzio kulturalean edo digitalean gutxieneko erabilera kuotak ezarriz eta abar”, uste du Artolak.

Erronkak

Etorkizunari begira, eta Arrasatera etorrita, “gure erronka nagusiena estrategia orokor bat egin eta aurrera eramatea dela iruditzen zait”, aipatu du Artolak. “Euskalgintzak sare indar-tsua du, potentzialtasun handikoa, GEIKE lankidetza mahaian elkarrekin lanean ari dena. Hamaika erakunde gaude bertan eta nork bere esparrutik eragiten du. Egoerak ez dauka zerikusirik duela 40 urte AED sortu zenekoarekin alderatuz gero, askoz hobeto gaude, baina euskaraz normaltasunez bizi ahal izateko hutsuneak ere ez dira gutxi. Beraz, arlo sozioekonomikoa euskalduntzea eta euskararen transmisio-sozializazioan asmatzea dira gure erronka nagusienak. Eta horiekin batera, hizkuntza eskubideen aldeko dinamika bat abiaraztea ere”, defendatu du Artolak.

Bergaratik ere diote hainbat erronkari aurre egin behar zaiela: migratzaileak euskarara erakartzea; eskolaz kanpoko mundua sendotzea benetan euskararen arnasgune izan dadin; lan esparruan euskara indartzea; teknologia berriek eta, oro har, mundu digitalak dakartzan aldaketak eta aukerak euskaraz gauzatzea; euskal elebiduna sortzea, edo gazteak eta gazteekin harremana duten helduak dira lehentasuna.