Bihar 19.30ean Agustinen komentuaren elizan Suhar Gizon Koru ospetsuak kontzertua eskainiko du, Errenteriako Musika Kultur Elkarteak (EMKE) antolatzen duen Gure Bakarlariak ziklo ibiltariaren barruan.

2018ko udazkenean sorturiko gizonezkoen abesbatza da Suhar Gizon Korua, ahots grabeen errepertorioa maila gorenean lantzeko helburuarekin, kantu koralean esperientzia handiko 30 bat ahots biltzen dituena. Egun Espainiako Abesbatza Nazionaleko zuzendariordea, Esteban Urzelai Eizagirre oñatiarra, da bere zuzendaria. Gainera Amaia Zipitria piano-jotzailearen laguntza izango dute.

Gure Bakarlariak ziklo ibiltaria, musika espresio bide mota ezberdinei bultzada eman asmoz, sortu eta abian jarri zuen EMKEk.

Honekin batera, “akustikoki hain egokia eta atsegina” den Agustinen komentuko eliza bezalako espazio bat balioetsi nahi dute.

Afagi

Bestalde, Niessen elkarteak antolatuta, bihar 12.00etan, Afagi Alzheimer Gipuzkoa elkartearen aldeko kontzertu solidarioa izango da Madalena basilikan.

Musika errepertorioa Donostiako Easo abesbatzako beteranoen taldeak eskainiko du.

Sarrera doakoa izango den arren, bertaratzen direnek diru ekarpena egin ahal izango dute sarreran egongo den kutxan. Jasotako diru guztia Afagiri laguntzeko izango da.

Afagi 1991tik ari da lanean alzheimerra duten pertsonen senitartekoen talde batek bultzatuta. Gaixotasunari buruzko informazio gutxi eta ezjakintasuna ikusita, kontzertua antolatzea erabaki dute.