Urretxuko Udalak kale garbiketa zerbitzuko pleguak onartu ditu. Bi dira berrikuntza nagusiak: kale garbiketa orain arte baino ordu erdi lehenago hasiko da (6.30ean) eta asteburuetan eta jai egunetan orain arte baino kale garbitzaile bat gehiago arituko da. Egun bi garbitzaile aritzen dira asteburuetan eta jai egunetan, baina Udalak gehiago behar direla ikusi du. Izan ere, egun horietan geroz eta zabor gehiago sortzen da eta bi garbitzaileak ez dira lan kargari aurre egiteko gai.

Kale garbitzaileek ibilgailu bat gehiago izango dute eta lizitazio prezioa igo egingo da, asteburuetan eta jai egunetan langile bat gehiago egongo delako, langileen soldatak eguneratu behar direlako eta ibilgailu bat erosi behar delako.

Lizitazio prezioa 660.000 eurokoa izango da. Kontratuak sei urteko iraupena izango du. Alderdi guztiek alde bozkatu dute eta enpresa esleipenduna udan lan egiten hastea espero da.