Síguenos en redes sociales:

UROLA GARAIAN EUSKARAZ

Erabilera da erakundeen eta eragileen kezka nagusia

Urretxun eta zumarragan euskararen erabilerak behera egin du eta Legazpin, berriz, igoera espero baino txikiagoa izan da

Erabilera da erakundeen eta eragileen kezka nagusiaAsier Zaldua

Urola Garaian, beste eskualde askotan bezala, euskararen erabileraren inguruko kezka dago. Ezkio-Itsaso oso herri euskalduna da, baina Legazpin datuak okerragoak dira, eta Urretxun eta Zumarragan are okerragoak.

 Urretxuk eta Zumarragak herrigune bakarra osatzen dute eta, beraz, kale neurketak bi herriak hartzen ditu. Azkeneko neurketako emaitzak kezkagarriak izan dira. “Urretxun ezagutza %69koa da eta Zumarragan, %63koa. Gora doa eta gora joatea aurreikusten da. Ezagutza bermatua dago, erabilera da erronka. 2001etik aurrera erabilera %20-22aren bueltan ibili da. 2021eko neurketak, ordea, %16,3ko erabilera eman du”, azaldu du Aitor Lizarazu, Zumarragako Udaleko Euskara teknikariak.

Gazteen artean, egoera bereziki kezkagarria da. “15-25 adin tartean, ezagutza ia %100ekoa da. Erabilera, berriz, %5,4koa da. Horrek udaletako martxa aztoratu du. Egiten ari garena berraztertzera eraman gaitu”.

Gazteek euskara horren gutxi erabiltzearen arrazoiak ez daudela garbi dio. “Hiru faktoreren ondorioa dela uste dugu:mundu mailako hizkuntza polarizazioa, migrazioa eta teknologia berriak. Hamarretik bederatzitan gazteleraz kontsumitzen dute. Bestalde, hamar etxetik zortzitan gazteleraz hitz egiten dute. Pandemian ordu asko eman ditugu etxean eta pantailen aurrean”.

Urretxu eta Zumarragako udalek eta Zintzo-Mintzo euskara elkarteak beka bat sortu dute sare sozialetan euskararen presentzia indartzeko

Aipatu bezala, bi udaletako Euskara ba-tzordeak arazoari aurre egiten ari dira. “Zintzo-Mintzo euskara elkarteak 30 urte bete ditu eta urteurrenaren harira sare sozialetan euskararen presentzia indar-tzeko beka sortu dugu. Fokoa eskoletatik kanpo jarri dugu:aisialdian eta lan munduan. Aisialdiaren barne, kirolak garran-tzi handia du. Entrenamendu guztiak euskaraz egitea nahi dugu. Eta gazteen-tzat antolatzen diren ekintza guztiak euskaraz izan behar dira”.

Euskaraldiko egunetan beste neurketa bat egin zen eta horko datuak hobeak dira, baina Euskaraldiaren eragina ere jaisten ari da. “Zintzo-Mintzok kale erabileraren neurketa egin zuen Euskaraldian zehar. Datuak Soziolinguistika Klusterraren neurketakoak baina hobeak dira. Euskaraldiko egunetan erabilera %24koa izan zen. %16koa gazteen artean. Baina Euskaraldiaren eragina ere txikitzen ari da. Lehen edizioan erabilera %31koa izan zen eta bigarrenean %27koa”.

Legazpin, herrigunean euskararen erabilera goiko auzoetan baino askoz ere handiagoa denez, ekintza gehiago antolatu behar dituzte goiko auzoetan

 Legazpiko datuak hobeak dira:ezagu-tza %68,75ekoa da eta erabilera %33,9koa. Inma Urzelai Euskara teknikariak ezagu-tzaren eta erabileraren arteko aldea handiegia dela deritzo. “Erabilera ez da ezagutzaren erdira iristen. Sekulako aldea dago ezagutzaren eta erabileraren artean. Neurketak bi datu esanguratsu eman zituen. Alde batetik, herrigunearen eta goiko auzoen arteko aldea. Herrigunean erabilera %40koa da eta goiko auzoetan %22koa. Bi herri ditugu hizkuntzari dagokionez. Bestetik, haurren erabileran beherakada eman da. Toki guztietan gertatu da eta horrek alarma guztiak piztu ditu. D eredua bakarrik dugu eta horiek ere erabiltzen ez badute... Udalaren helburua 2030erako erabilera %40ra iristea da, baina azken bost urteetan puntu bakarra igo dugu. Horrela ezin dugu lortu”.

Neurketaren datuak ikusita, euskara goiko auzoetara eramateko asmoa dute. “Ekin-tza gehiago antolatu behar ditugu goiko auzoetan, presentzia handiagoa izateko”. Bestalde, Aldundiak eskola kirolaren neurketa egin du Soziolinguistika Klusterrak lagunduta eta aurki emango ditu ezagutzera datuak. “Esku hartzea beharrezkoa ikusten bada, hori egingo dugu. Eskolak, berak bakarrik, ezin du. D ereduak salbatuko gintuela uste genuen eta ez da hala. Euskarak eskolaz kanpoko espazioak irabazi behar ditu eta hor kirolak du indar gehien”.