Martxoan Bertsoa zikloa bueltan da eta ostiral honetan hasiko da taldekako txapelketako lehen kanporaketarekin. Txapelketaz gain, Ane Zubeldia eta Eider Adeletxen Hitz esana emanaldia, bertso musikatu saioa eta Miseriaren adarrak ikuskizuna antolatu dituzte.

Taldekako bertso txapelketak bi berrikuntza ditu: sekula zapaldu gabeko hiru tabernatan egingo da eta kanporaketa bat Zumarragan jokatuko da lehenengoz.

Kanporaketak Aitube Berri, Soraluze eta Urola tabernetan egingo dira. Aitube Berri eta Soraluze gazteengana heltzeko aukeratu dituzte.

Lehen kanporaketa ostiral honetan jokatuko da Aitube Berrin, bigarrena martxoaren 10ean Soraluzen eta hirugarrena martxoaren 17an Urolan. Finala martxoaren 24an jokatuko da, gaztetxean. Saio guztiak 22.30ean hasiko dira.

Taldekako txapelketaren hogei edizio jokatu dira eta oraindik ez da kanporaketa bakar bat egin Zumarragan. Martxoaren 17koa lehenengoa izango da. Bertso eskolako kideek ostiraleko pintxo-potean geltokiko auzoan sortzen den giroa baliatu nahi dute.

Txapelketarekin batera, hiru ekitaldi antolatu dituzte. Martxoaren 16an Ane Zubeldiak eta Eider Adeletxek Hitz esana emanaldia egingo dute Zumarragako Zelai Arizti kultur etxeko areto nagusian, 19.00etan.

Apirilaren 1ean, bertso eskolako kideek bertso musikatuak abestuko dituzte. Emanaldia gaztetxean izango da, 19.00etan. Bukatzeko, apirilaren 15ean Miseriaren adarrak ikuskizuna egingo dute Labeaga aretoan. 18.00etan hasiko da.