PSE-EEko zinegotzien aldeko eta EH Bildukoen eta Elkarrekin Zumarragakoen aurkako bozkarekin, edateko uraren hornidura eta estolderia zerbitzua Global Omnium enpresari esleitzea erabaki du Zumarragako Udalak . EAJk abstentzioa eman du. Urtero 521.800 euroko kanona ordainduko du. .

Global Omnium enpresak Valentzian du bere egoitza nagusia. Gestión y Técnicas del Agua, Aquarbe eta FCC Aqualia-Ansareok ere eskaintzak aurkeztu dituzte, baina kontratazio mahaiak Global Omniumena aukeratu du.

Esleitzea asteazkeneko osoko bilkuran onartu zen. Mikel Serrano alkateak eta Josu Idigoras EAJko bozeramaileak bakarrik hartu zuten hitza. EH Bilduko eta Elkarrekin Zumarragako zinegotziek osoko bilkuran adierazpenik ez egitea erabaki zuten.

Idigorasek pleguen prestaketa prozesua korrika eta presaka egin dela hasi zela esan zuen. “Hori dela eta, beti abstentzioa eman dugu. Zeharkako kudeaketaren alde gaude, baina prozesuan argi-ilunak egon dira: onespenaren ondoren pleguak epaitegietara eraman ziren, pleguak aldatu behar izan ziren, ez dakigu berriro epaitegietara joan beharko den eta zerbitzuaren kalitatearen balizko murrizketak eta langileen lan baldintzek kezkatzen gaituzte. Berme falta dela eta, oraingoan ere abstentzioa emango dugu”.

Alkatearen iritzia

Serranok Zumarragako zerbitzuaren kalitatea goraipatu zuen eta Aquarbeko langileei eskerrak eman zizkien egindako lanagatik. EH Bildu eta Elkarrekin Zumarraga gogor kritikatu zituen. «Alderdi batzuek instrumentalizatutako borroka politikoa izan da. Prozesua gardena izan da. Oposizioak teknikariei iritzia eskatu die eta zeharkako kudeaketa egokiena dela erantzun diete. Alderdiek ez dute gai hau aipatu duela bi urte arte. Kaletik gobernatzen saiatu dira. Plataforma instrumentalizatu dute. Honek ezer gutxi egin du. Zarata atera. Zumarragako gobernu taldearen eta alkatearen aurkako prozesua izan da. Urretxun apenas egin dute ezer”.

Horretaz gain, “gezurrak” esatea leporatu zien. “Pleguak Aquarberen neurrira egin zirela esan zuten eta gaur hori ez dela horrela izan ikusi dugu. Aquarberi 3.000 euroko isuna jarri ziotela esan zuten eta ez zuten esan zergatik. Isuna 1.500 eurokoa izan zen eta dokumentazioa berandu bidaltzeagatik izan zen. Oraindik erresoluzioaren zain daude”.