Euskararen kale-erabileran ezberdintasun nabarmenak antzematen dira herri batetik bestera. Izan ere, Getarian %68,4ak erabiltzen du euskara, Zumaian %50,8ak eta Zarautzen, aldiz, %50,7ak. Azken urteotan erabilerak izan duen bilakaerari erreparatuz gero, Zarautzen ez da aldaketa nabarmenik eman (2011. urtean %50ak erabiltzen zuen eta 2016.enean %50,5ak); Zumaian, ordea, nabarmena izan da jaitsiera; 2016. urtean %57,9raino igo bazen ere, 2011. urtean gaur egun baino 2 puntu altuagoa bai-tzen. Auzoz auzo, Zarautzen, Malekoian %37a aritzen da euskaraz eta Azken Portuan, aldiz, %74ak erabiltzen du.

Euskararen erabilera adinaren arabera

Azken urteotan erabilerak izan duen bilakaerari erreparatuz gero, Zarautzen ez da aldaketa nabarmenik eman

Soziolinguistika Klusterrak emandako 2021eko datuen arabera, Urola Kostako haurrek adinekoek baino askoz gehiago erabiltzen dute euskara kaleetan. Etorkizunean helduak izango diren haur eta gazteek asko erabiltzen dute euskara: haurren (2-14 urte) %79,1 mintzatzen dira euskaraz (2011. urtean %81,6koa zen ehunekoa eta bost urte geroago %79,4). Egun, gazteek (15-24 urte) haurrek baino pixkat gutxiago erabiltzen dute euskara, %70,5 (2011an %78,8koa zen eta 2016an %71,9). 

Helduen (25-64 urte) %57,4ak euskara erabiltzen du kalean. Urtetik urtera jaitsi egin da kopurua, izan ere, 2011. urtean portzentai hori %61,5ekoa zen eta 2016an, aldiz, %57,7koa. Azkenik, adinekoen (64 urte baino gehiago) %53,8a aritzen da euskaraz kalean. Nabarmena da adinekoek duela 10 urte askoz ere gehiago erabiltzen zutela euskara kalean (%66,1). 2011tik 2016ra erabileraren portzentaia asko jaitsi zen, bost urtetan %9a murriztu baizen.

Herriz herri, Zumaian adin-tartea gero eta baxuagoa izan, orduan eta kale-erabilera handiagoa da. Zarautzen, berriz, adin multzo guztietan gora egin du, adinekotan izan ezik.

Sexuari dagokionez

Sexuari dagokionez, emakumezkoen eta gizonezkoen artean ia ez dago alderik euskararen erabileran. Hala ere, 10 urteetan eraldaketa bitxiak izan ditu. 2021eko datuen arabera emakumezkoen %64ak erabili zuten euskara kaleetan. Gizonezkoen kasuan, portzentaia oso antzekoa da, %63,4, hain zuzen ere.

2011. urtean, berriz, emakumezkoen %69,9ak erabiltzen zuen euskara kalean eta gizonezkoen %67,4ak baita ere. Bost urte geroago, gizonezkoen portzentaia altuagoa zen emakumezkoena baino: gizonezkoen portzentaia 66,2koa zen eta emakumezkoena 64,5ekoa.

Euskararen erabilera haurren presentziaren arabera honakoa da Urola Kostan: nagusien artean %54,7, haurren artean %84,9 eta haur eta nagusien artean %72,6.

Datuek agerian uzten dute ia haur gehienak euskaraz aritzen direla Urola Kostako eskualdean eta, esan bezala, gaurko haur eta gazteak biharko helduak eta adinekokak izango dira. Beraz, datuak horrela mantentzen badira, etorkizunean euskararen portzentaiak altuagoak izango dira. 

Bestalde, eskualdeko kaleetan beste hizkun-tza batzuk ere erabiltzen dira. Ez dago neurketa zehatzik jakiteko zein hizkuntza hitz egiten diren herrietan. Kaleko erabileraren neurketak euskara, gaztelania eta frantsesa bereizten ditu, eta gainerako guztiak talde bakarrean kokatzen ditu. Halere, jatorriari erreparatuta, gehienak ondoko herrialdeetakoak dira: Maroko, Pakistan, Portugal, Errumania, Senegal, Txina, etab.