Otsaileko lehen asteetan hainbat hitzaldi eta formazio saio egongo dira, Urretxu-Zumarraga Ikastolak antolatuta.
Batetik azaroan Zumarragako Zelai Arizti aretoan egin zuten ongizate emozionalaren inguruko hitzaldiari jarraipena emango diote. Orduko hitzaldi hartan, Ikastolan inplementatzen duten Lotura Emozional Kontzientea ereduaren oinarriak landu zituzten.
Urretxu-Zumarraga Ikastolako arduradunen esanetan, azaroko hitzaldiak “oso harrera ona” izan zuen. Hori dela eta, jarraipena izango du. Oraingo honetarako, Ongizate emozionala: kasketetatik zoriontasunera izenburua duen hitzaldia antolatu dute. Haurrek izaten dituzten kasketek zein emoziorekin duten lotura, horiek nola kudeatu… izango dute hizpide.
Hitzaldia bihar izango da, 18.00etan Ikastolan bertan. Oraingoan ere Lotura Emozional Kontzientea ereduaren sortzaile diren Roberto Aguado Romo eta Aritz Anasagasti Undabarrena izango dira bertan. Hitzaldia elebitan izango da.
Irakurzaletasuna
Bigarren saioa irakurzaletasuna sustatzeko izango da. Literatura funtsezkoa da haurraren garapenean eta euskararen transmisioan. Hori dela eta, haurrak irakurtzera animatu nahi dituzte. Zein ipuin kontatu, nola irakurri, emozioak hizkuntzaren bidez nola transmititu… aztertuko dute Juankar Alonsorekin: otsailaren 13an, 17.30ean Ikastolako hizkuntza txokoan. Saioa euskaraz izango da.