EH Bilduk salatu du Andoaingo Udaleko hirigintza sailean obra lizentziak emateko gaur egun dagoen “kolapsoa jasanezina” dela. Egoera honen aurrean, Andoaingo herritarren “haserrearekin” bat egiten dutela jakinarazi dute ohar baten bidez.

Bide honetan, azaldu dutenez, berritu beharreko etxebizitzen jabeek, igogailua jarri nahi duten edo fatxada bat berritu nahi duten bizilagunen komunitateek, “hilabeteak itxaron behar dituzte” lizentzia bat lortzeko. Egoera berean daude, haien hitzetan, eraikuntza enpresak: “Izapide horietako asko edozein udaletan 15 egunen buruan erantzuten dira, eta Andoainen sei hilabete baino gehiago itxaron behar da”.

EH Bilduren iritziz, gertatzen ari denaren erantzukizuna udal-gobernuarena baino ez da: “Egoera horretara iristen utzi da, irtenbiderik eman gabe. Gobernua ez dago izan dituzten arazoak guri esateko; pandemia nonahi izan da, eta plegu hutsak ere bai. Hartu dituzten erabakiak berandu hartu dira eta ez dira nahikoak”.

Horretaz gain, azaldu dutenez, Andoaingo bizilagunen kexak entzuten ari direnak hirigintza saileko langileak dira, “jasaten duten blokeoan inolako erantzukizunik ez dutenean”.

Modu honetan, Andoaingo udal gobernua jartzen ari den “aitzakiak onartezinak” direla esan dute eta eskatzen diote “erabateko lehentasuna” eman diezaiola kolapso honekin amaitzeari, eta “legealdia amaitu aurretik konponbide azkar eta eraginkor bat eman dezala”.