Euskal Herriko beste leku batzuetan bezala, Seguran Santa Ageda bezpera ospatuko da datorren larunbatean, otsailaren 4an. Izan ere, azken hamarkadetan, Goierriko ia toki guztietan berreskuratu den ohitura da honakoa, kristau erlijio aurreko ospakizuna dena. Neguaren amaiera adierazten du, Inauterien antzera.

Segurarrek adierazi dutenez, kantuan irtengo dira udalerriko kaleetatik barrena “makilekin lurra kolpeka joaz udaberria esnatzeko” asmotan.

16.00etan hasiko dute ibilbidea, Elorripetik, Jon Iturrioz eta Eneko Araiztegi koplariek eta herriko trikitilari eta panderojoleek. Kortaberri, San Andres Auzoa, Gain Argi eta Akelarre igaro eta Herriko Plazara iritsiko dira, arratsaldeko 19.00ak aldera. Bertan, Segurako abesbatzarekin elkartu eta kalez-kale kantatzeari ekingo diote parte-hartzaile guztiek.

Azkenik, afari herrikoiaren txanda izango da. Gaueko 21.30ean egingo da, Elorri elkartean.

Segurako Santa Ageda bezperako ekintzak Elorri Kultur Elkarteak antolatzen ditu.