Oiartzungo Udala Mugiment programan egongo da asteazken honetatik aurrera. Honi esker, Oiartzungo kiroldegiko bazkideek Euskal Autonomia Erkidegoko beste 76 herritako 132 kirol instalakuntza doan erabiltzeko aukera izango dute.
Beste kiroldegiak erabili ahal izateko, mugikorrean Kirol Txartela Mugiment aplikazioa deskargatu eta erabiltzailearen datuak sartu beharko dira. Kiroldegiko sarreran aplikazioko txartel birtuala eta nortasun agiria besterik ez dira erakutsi beharko.
Herri bakoitzak zehazten du beste kiroldegietako bazkideek zein instalakuntza eta zerbitzu erabili ditzaketen eta zein ordutan. Aplikazioan bertan ikus daiteke herri bakoitzak eskura jartzen dituen aukerak. Informazio hau kiroltxartela.eus helbidean ere kontsultatu daiteke.
Oiartzungo bazkideek, adibidez, Lezoko igerilekua astelehenetik ostiralera, 7.30etik 9.00etara eta 12.00etatik 17.00etara, eta kiroldegiko gihartze gela, frontoia, rokodromoa eta pista, asteko egunetan, 8.00etatik 9.30era eta 12.00etatik 17.00etara, erabiltzeko aukera izango dute.
Trukean, beste herrietako bazkideek Elorsoro erabiliko dute, baina honek ez du eraginik izango bertako zerbitzuan, jende gutxi ibiltzen den orduetan bakarrik izango baitute aukera: igerilekua 7.00etatik 9.00etara eta gihartze gela eta rokodromoa 12.00etatik 17.00etara, astean zehar.
Ariketa fisikoa sustatzea, kirol-espazioetarako sarbidea erraztea eta kirol eskaintza handitzea dira proiektu honen helburuak. Baliabideak eta instalazioak aprobetxatu eta partekatuko nahi dira, ahalik eta pertsona gehienen eskura jartzeko eta bazkideei eskainitako zerbitzua zabaldu eta hobetzeko.
Gipuzkoako 20 herri daude programan eta urte hasieran Donostia ere sartzea aurreikusita dago.