Lizardi Kultura Elkarteak eta Galtzaundi Euskara Taldeak bi ekitaldi antolatu dituzte elkarlanean datozen egunetarako Tolosan. Alde batetik, ikusgai dago Aranburu Jauregian erakusketa eta, bestetik, ostiral honetan literatua emanaldi musikatua izango da.
Literatura emanaldi musikatua Tolosako Topic-en izango da ostiralean, 19.00etan. Bertan, euskal literatura eta musika uztartzeko aukera izango dute Euskal Herrian ezagunak diren hainbat artistak. Joxe Mari Iturralde eta Joseba Sarrionandia izango dira arlo literarioaz arduratuko direnak, eta Iñar Sastre eta Anne Etchegoyen izango dira arlo musikalaz arduratuko direnak. Yurre Ugarte kazetari eta idazlea arituko da guztiaren koordinazio lanetan.
Emanaldian, euskal literatura izango da hizpide, eta Xabier Lizardi, Zarautzen jaio baina Tolosan bizi zen poetaren hitzak gogora ekarriko dira beste hainbat gauzen artean.
Sarrerak eskuragarri daude (8 euroan) Galtzaundiren egoitzan astelehenetik ostegunera 10.00etatik 13.00etara eta 16.00etatik 18.00etara, eta ostiralean 10.00etatik 14.00etara.
Erakusketa Aranburun
Aranburu Jauregian bisita daiteken erakusketak Arístides Esteban Hernandez Ares kubatarraren Munduari bira eman zion ontzia ipuin ilustraturako sortutako, Joseba Sarrionandiak egin eta Elkano fundazioak bultzatutako irudiak erakusten ditu. Otsailaren 11arte egongo da ikusgai.