Bederatzi eta hamabi urte bitarteko haurrak ahalduntzeko helburuarekin, Pasaiako ontzi museo ekoaktiboak, Mater itsasontziak, Itsaso Bizia izeneko proiektua sortu du.

Programa honetan haurrek beren etxeetara ohitura jasangarri berriak eraman behar dituzte eta helduak lagunduko dituzte naturarekiko arduratsuagoak diren bizimoduetara trantsizioa egiten.

Horretarako, Materrek euskara hutsezko materialak sortu ditu eta hauek Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe guztiek eskuratu ahal izango dituzte, lau euskal administrazioen lankidetzari esker: Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako Foru Aldundiak.

Alde batetik, Gipuzkoako eta Arabako Foru Aldundiek Pello Añorga idazleak eta Jokin Mitxelena ilustra-tzaileak sortutako bi album ilustratuen diseinua finantzatu dute. Mater itsasontzia, euskal itsas kulturan zentraturik, itsasontziaren historia deskribatzen duen aparteko lan bat da: Euskal Herrian eraikitako azken zurezko atunontzi handia, zeinaren azken kanpaina Prestigeren txapapotea biltzearena izan zen, azkenean desegitetik salbatuz itsasoaren zain-tzaren sinbolo bilakatzeko; Mater zetazeoak, abentura bat kontatzen du, zetazeoen edertasuna miretsi nahian, itsasoko zaborrek eta mikroplastikoek itsasoan duten ingurumen arazoa azalduz.

Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailaren laguntzari esker, bi obra hauek ekoitzi dira eta hilabete honetan erkidegoko ikastetxe guztietan banatuko dira.

Bestalde, bi albumetan landutako gaiak sakontzeko baliabideak eskaini nahian, Bizkaiko Foru Aldundiak aukera eman du Materreko hezitzaileen talde profesionalak garatutako bi unitate didaktiko sortzeko. Unitate horiek online eskuratu ahal izango dira urte honen hasieran, ontzi museoaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren webgunetan.