Elikagaiak modu kontzienteagoan kontsumitzeko tresnak eta baliabideak herritarrei eskaintzeko helburuarekin, abenduaren 13tik 17ra, Amasa-Villabonako Udalak EHKolektiboarekin elkarlanean, agroekologia eta elikaduraren sentsibilizazio jardunaldiak antolatu ditu Amasa-Villabonan. Era berean, ekoizpen-ereduetan sakonduko nahi dute, eta ekologiari, bertakoari eta ekonomia sozial eta solidarioan oinarritutakoari balio berezia eman.

“Bizi dugun krisi ekosozialak bizi ohiturak errotik aldatzea eskatzen digu, eta Amasa-Villabonako Udalean horren jakitun garenez, iraultza horri ekiteko agroekologiaren inguruko lanketa abiatu dugu legegintzaldi honetan”, azaldu du udal gobernuak. Horren lekuko da azken bi urteetan egindako Azoka Ekologikoa. “Agroekologiaz ari garenean, ez gara elikagai ekologikoetara bakarrik mugatzen. Bertako eta garaiko produktuez ari gara; bidezko eta gertuko tratuan oinarritutako elikagaiez mintzo gara”, gaineratu dute.

Hausnarketa

Egitarauari dagokionez, asteartean, hilak 13, agroekologiaren inguruko sentsibilizazio puntua ezarriko da Berdura plazan, 10.00etatik 13.00etara. Ostegunean, hilak 15, dokumentala eta solasaldia izango dira Gurea antzokian, 19.30ean. Zure platerean hasten da mundua dokumentala ikusteko aukera izango da. Sarrerak hiru euro balioko du. Ostiralean, hilak 16, solasaldi-merienda izango da, Subijana etxean, 18.00etan. Nolakoa izango da gure etorkizuneko elikadura? galderari buruz hausnartu eta zentzumen guztiak erabiliz hausnarketa saioa egingo da. Azkenik, hilaren 17an, irteera antolatu dute. Irure-txiki (Errezil) baserriko ekoizlearen etxaldea bisitatu eta produktu dastaketa egingo dute. Izena eman behar da aurrez 635 202 146 telefonora deituta.

Eta, bide batez, Gabon jaien atarian gaudela, Amasa-Villabonako Udalak gehiegizko kontsumoa alde batera uztea gomendatu die herritarre, “behar dena erosi, eta ahal den neurrian berrerabiltzeak, etxeko ekonomian ez ezik gure biziraupenean ere eragina duelako”. Era berean, jai hauetan ekoizle txikien eta gertukoen jakiak, eta gertukoak, dastatzeko gonbitea egin dute.