40 urte bete ditu Urretxu eta Zumarragako Goiargi abesbatzak eta lehen ospakizuna larunbat honetan egingo da. 12.00etan meza egingo dute mertzedarien elizan. Bertan, hildako kideak oroituko dituzte. Ondoren, kontzertu oso berezia egingo dute: lehen zatian egungo kideek abestuko dute, bigarrenean ahots zuriek eta hirugarrenean garai bateko eta egungo kideek. Bukatzeko, elkarrekin bazkalduko dute.

Ekitaldiak astelehen honetan aurkeztu zituzten beraien egoitzan. Aitor Gastañares lehendakariak, Javier Arratibel zuzendariak eta Lurdes Idiakez, Lurdes Rodriguez, Inazio Uriarte eta Mari Carmen Viedma taldeko kideek parte hartu zuten.

Gastañaresek eta Arratibelek hartu zuten hitza. Hasteko, Gastañaresek eskerrak eman zizkien Urretxu eta Zumarragako udalei, laguntza ekonomikoa eskaini dieten guztiei, beraiekin jo duten musikari guztiei (txistulariak, banda...), Goiargiko partaide guztiei (bereziki, falta direnei), zuzendariei (Antonio Rey, Xabier Barriola eta Javier Arratibel) eta publikoari.

Orain arte egindako bidea "luzea” eta “oparoa” izan dela esan zuen. “Momentu on asko izan ditugu eta momentu tristeren bat ere bai. Batik bat, falta direnak joan direnean”.

Beraien helburua bai beraiek eta bi ikusleek gozatzea dela, baina atzean lan handia dagoela gogoratu zuen. “Entsegu ordu asko. Behar bezala irten arte, buelta asko. Afizionatuak gara, baina gure eginkizuna serio betetzen dugu. Gure herrien enbaxadore sentitzen gara, gure neurrian baina beti duintasunez. Bestalde, Euskal Herrian aspalditik daukagun abesteko kultura eusteko helburua gure egiten dugu eta altxor hori hurrengo belaunaldiari pasa nahi diogu. Hor daukagu erronka”. Hala, gazteak beraiekin abestera animatu zituen. “Besoak zabalik hartuko ditugu".

Goiargik hiru zuzendari izan ditu 40 urte hauetan eta beraien lana azpimarratu zuen. “Gu afizionatuak gara, baina zuzendariak musikariak dira. Musika ikasketak dituzte eta talentua dute. Beraien lana guri eskaintzea luxua da. Abesbatzaren zutabeak dira. Ildo horretan, abenduan Javier Arratibelek 30 urte beteko ditu zuzendari bezala. Ez da erraza merezi duen bezala eskerrak ematea, baina pentsatuko dugu zerbait”.

Bukatzeko, 40 urte hauetan egindako bidea urte horietan guztietan abesbatzan abestu duten guztiei esker egin dela gogoratu zuen. Hori dela eta, larunbateko ekitaldian egungo kideek eta garai batekoek parte hartuko dute.

12.00etan meza izango da. Bertan, hildako kideak oroitzeaz gain, Goiargikoek abesbatzaren historian garrantzitsuak izan diren kantak abestuko dituzte.

Mezaren ondoren kontzertua hasiko da. Lehen zatian, egungo kideek egungo errepertorioko obrak abestuko dituzte. Bigarrenean, ahots zuriek abestuko dute, Barriolak zuzenduta. Izan ere, Goiargi emakume talde batek sortu zuten eta hasieran emakumeek bakarrik abesten zuten. Bukatzeko, egungo eta garai bateko kideek lau kanta abestuko dituzte.

Urte hauetan guztietan, 180 pertsonek abestu dute Goiargin. Horietatik, 28 ez daude dagoeneko gure artean. Larunbateko kontzertuan ia 100 lagunek abestuko dute eta ondoren egingo duten bazkarira 120 lagun inguru joango dira. Arratibelek urretxuarrak eta zumarragarrak larunbateko kontzertuaz gozatzera gonbidatu zituen. “Plazer bat izango da egun horretan elkar ikustea eta ekintza horretaz elkarrekin gozatzea. Hori izango da gure 40. urteurreneko lehen ekitaldia. Datozen hilabeteetan hainbat ekitaldi antolatzeko asmoa dugu eta dagokionean azalduko ditugu. Bukatzeko, urte hauetan babesa, maitasuna eta indarra eman diguzuen guztiei, mila esker”, amaitu zuen.