1.619 bizilagunek eman dute izena Euskaraldian. Horretaz gain, erabilera handitu asmoz, Urretxu eta Zumarragan 151 entitatek (enpresa, elkarte, denda, taberna…) ere eman dute izena ariguneren bat dutelako: guztiek euskaraz ulertzen duten gunea. Talde motorrak hainbat ekitaldi antolatu ditu.

Hilaren 24an, 17:00etatik 19:00etara, Parketarrak egitasmoko saioa egingo dute Zumarragako trintxeran. Haurrek euskaraz jolastuko dute. Hilaren 25ean, 20:15ean, Eñaut Elorrietak disko berria aurkeztuko du Zumarragako Zelai Arizti aretoan.

Hilaren 29an, 19:00etan, Fermin Etxegoien idazlea irakurle taldekoekin elkartuko da eta Totelak liburuari buruz hitz egingo dute. Saioa Urretxuko kultur etxean izango da.

Abenduaren 2an, 16:30etik 18:30era, bertso eskolako kideek bertso saio ibiltaria egingo dute. Abenduaren 3an hiru ekitaldi egongo dira: 11.00etan mintzodromoa, 12:00etan Zintzo-Mintzo euskaltzale taldearen aurkezpena eta 12:15ean liburu lanketa taldearen literatura errezitaldia. Ekitaldi hauek Urretxuko udaletxeko atarian izango dira.

Bukatzeko, abenduaren 11n Luzio Gabiriaren omenezko bertso saioa egingo dute Zelai Arizti antzokian. 19:00etan hasiko da.