Urretxuko Udalari uztea onartu du Urretxu-Zumarraga ikastolak futbol zelaia, bertan Aldiri Bi kiroldegia egin dezan. Udalak futbol zelaia estaliko du eta horretaz gain, Pagoeta igerilekura pasabide berria, kirola egiteko gelak eta aldagelak egingo ditu. Obra datorren urtean hasiko da.

Udalak 152.000 euroko kreditu aldaketa onartu zuen azkeneko osoko bilkuran, proiektua egiteko. Ez zen onartutako kreditu aldaketa bakarra izan, soberakinetik 816.000 euro har-tzea onartu baitzen: 449.000 euro BMko aparkalekua berritzeko erabiliko dira, 100.000 Gernikako Arbola plazako harmaila berritzeko eta 115.000 Ederrena pilotalekuko teilatuan plaka fotovoltaikoak jartzeko, besteak beste.

Pilotalekuan jarriko diren plaka fotovoltaikoek Udalaren zazpi eraikinetako energia kontsumoaren %74a aseko dute: udaletxea, kiroldegia, pilotalekua, kultur etxea, liburutegia, Gazte Bidean eta bake epaitegia.

Beste kreditu aldaketa bat ere onartu zen, transferentzia moduan. Bost aurrekontu-sailetatik dirua kenduko da (136.000 euro guztira), aurreikusi gabeko gastuak ordaintzeko: Euskadi Bono Denda kanpaina, kale garbiketarako makineria berria, alde zaharreko lokalen alokairua, Santa Barbara aterpetxean egin beharreko mantenu lanak, pabiloi baten alokairua (Mugitegin, kale garbiketa zerbitzuarentzat), kultur agendaren publizitatea, Gabonetako argiak, Grupo Santa Barbarako bihurgunea asfaltatzeko, Nekolalde 9, 11 eta 13ko espaloia berri-tzeko, festetarako aulkiak eta mahaiak erosteko, eskola kirola diruz lagun-tzeko eta Pagoeta gune soziokulturalaren garbiketa, argindarra eta berogailua ordaintzeko.

Horretaz gain, pasiotarren eraikuntzaren zaharberritzearekin lotutako bi gai onartu ziren: Aldundiarekin sinatutako hitzarmenean eta obraren kontratuan aldaketa bana. Pasiotarren komentuan Aspaceren eguneko zentro berria eta adinekoentzako apartamentu tutelatuak egingo dira. Aldundiak eta Udalak hitzarmena sinatu zuten eta bertan Aldundiaren diru-laguntzaren zenbatekoa zehaztu zen. Zenbateko hori hazi egin da, obraren kostua handitu egin baita, lanak egiten ari direla azaldutako beharrak medio. Kostua 3,1 milioikoa izango da eta Aldundiaren diru-laguntza 1,7tik 2,5era pasako da.