Síguenos en redes sociales:

Sagardoak eta bitxigintzak bat egin dute

Sagardogintzan oinarritutako lehen bitxi-sorta da Sagarpolit, Nekane Flamarike eta Arantza Eguzkizaren ekimena

Sagardoak eta bitxigintzak bat egin dute

Bitxiak eta sagardoa uztartzen dituen ekimena da Sagarpolit. Arantza Eguzkiza sagardogilea eta Nekane Flamarike bitxigilea izan dira ideia aurrera ateratzeko ardura izan dutenak eta emaitza joan den urrian eman zuten ezagutzera, Hernaniko Iparragirre sagardotegian; ezin aukeratu toki aproposagorik. Aurkezpen ekitaldian sagardoaren sektoreko hainbat ordezkarik, Hernaniko Udalak eta Hernaniko beste hainbat eragilek ere hartu zuten parte.

Iparragirre sagardotegiko Arantza Eguzkizak izan zuen bitxiak egiteko ideia, sagarra eta sagardoari beste aukera bat eman nahian eta ate berri bat irekitzeko irrikaz. Ez zekien, ordea, nola eman forma ideiari eta Nekane Flamarikeri, Pitxipolit markaren sortzaile eta egileari, proposatu zion buruan zebilkiena. Berak segituan ulertu eta eman zion forma: sagarra bihurtu zuen protagonista. Gauzak horrela, bost bilduma diseinatu eta sortu dituzte, denak sagarrean oinarrituta. Era berean, hainbat koloretan diseinatu dituzte bitxiak, eta bilduma bakoitzak sagar barietate bati egiten dio ohore: Errezila (teila kolorea), Berde-Urdin (turkesa kolorea), Goikoetxe (bordele kolorea), Txalaka (esmeralda-berde) eta Moko (berde-gorria). Informazio gehiago 653 712 553 telefonoan edo @sagarpolit Instagram kontuan.