Zestoako EAJ-PNVren Uri Batzarrak Garikoitz Mendizabal Etxeberria aukeratu du datorren urteko udal hauteskundeetan alkategai izateko. Legealdi honetan jeltzaleen udal taldeko bozeramailea izan da eta 2020. urtetik legebiltzarkide gisa lanean ari da.

1973an Zestoan jaioa, bi semeren aita eta txistulari ospetsua, Mendizabalek eskerrak eman dizkie afiliazioari eta alderdiari berarengan jarritako konfiantzagatik. “Zestoa bihotzean daramat eta ilusio handiz hartzen dut gure herriak bizi duen paralisi egoeratik ateratzeko behar dituen politikak bultzatzeko erronka”, adierazi zuen asteartean bere hautagaitza aurkezteko egindako agerraldian.

Jeltzaleen alkategaiak EAJ-k Zestoarako “jarduera zehatz eta egingarriekin” duen eta “herritarren beharrei erantzuteko landutako proiektua” nabarmendu zuen; EAJren ibilbidea “etorkizunari aurre egiteko bermea” dela azpimarratuz.

Mendizabalek zestoarrek Udalean duten konfiantza berreskuratzearen alde egin zuen, “EH Bilduren Gobernuaren motibazio falta eta ahultasunaren aurrean”. Helburu horrekin, “EAJk talde ona aurkezten du, Zestoak aurrera egiteko behar duen motibazioarekin”, amaitu zuen.