Udane Juaristi artistaren Bidai apunteak proposamen pertsonal eta koloretsua ikusgai dago azaroaren 26a bitarte Bastero Kulturguneko erakusketa aretoan.

Errealismotik hasi eta abstrakzioraino doazen apunteak erakusten ditu artista azkoitiarrak. 2022 urtean zehar egindako lan guztiek prozesuaren eta ideien freskotasuna isla-tzen dute, non forma, kolore eta sentsazioei garrantzia berezia eman dien. Juaristiren arabera, bere lanak “izaera urbanoa izan du beti, nahiz eta litekeena den nire lana bide berriak bilatzen aritzea”.

Une honetan gaia ez zaio oso garrantzitsua iruditzen artista azkoitiarrari; kaleko landareak, formak, elementuak, itsasoa ez du axola “zer”, baizik eta “nola”. Erakusketan hainbat gai ikusi daitezke eta irudien, formen eta koloreen gainjar-tzean arreta handia jarri du. Irudi berriak sortu ditu, hainbat kolore-planotan elementu ezberdinak proiektatuz. Bere lanek ez dute prozesuaren freskotasuna galdu nahi: “Garrantzi handia ematen diet apunteei, prozesuan agertzen diren ezustekoei”. Hala, une honetan bere obra errealismoaren eta abstraktuaren artean dago.

Bidai apunteak azaroaren 26ra arte egongo dira ikusgai Bastero Kulturgunean, ohiko ordutegian: astelehen, asteazken, ostegun eta ostiraletan, 18.30etik 20.00etara; eta larunbatetan, 10.30etik 13.30era eta 18.00etatik 20.30era.