XXXI. Errezil Sagar Lehiaketa eta XXXIII. Fruitu eta Barazki Lehiaketa antolatu ditu Beasaingo Udalak bertako baserritarren lana balioan jarri eta saritzeko helburuz. Atzo sari banaketa egin zen plazaren azpian, astearteroko azokaren barruan.

Aramako Iturriotz baserriko Patxi Arizmendi Amundarainek eraman zuen Errezil Sagar Lehiaketako lehen saria. Arriarango Ondarre baserriko Maria Luisa Urrestarazu Telleriarentzat izan zen bigarren postua; hirugarrena, aldiz, Erauskin auzoko Murugoena baserriko Iñaxi Aranbururentzat izan zen.

Zegamako Altzibar baserriko Josetxo Mendia Azurmendi garaile izan zen, berriz, Fruitu eta Barazki Lehiaketan. Ondoren, Aramako Altzibar baserriko Patxi Arizmendi Amundarain eta Tolosako Aritzeta baserriko Zuhaiz Ibañez sailkatu ziren, bigarren eta hirugarren postuetan, hurrenez hurren. Nabarmentzekoa da Zuhaitz Ibañez ekoizle berria dela Beasaingo azokan, aurten estreinatu baita bertan.

Gainera, Altamira auzoko Atari-Eder baserriko Juliana Aierbe Mendizabal saritu zuen Udalak. Omenaldia egin zion azokako ekoizle helduena izateagatik. Beasaingo alkatea den Leire Artolak lore sorta bat oparitu zion eta Laida Antxiak, Aur-tzaka Dantza Taldeko dantzari beasandarrak, agurra dantzatu zion.

Gainontzeko sariak eta garaikurrak ere alkateak banatu zituen, merkataritza arloko Elena Ruiz zinegotziarekin, eta epaimahaikide izan diren Ioritz Berra Goimen eskualdeko landa garapenerako elkarteko teknikariarekin eta Carmen Gimeno eskualdeko nekazaritza bulegoko buruarekin batera. Garaikurrak Beasaingo Buztiña zeramika tailerreko kideek egin zituzten.

Epaimahikideen hitzetan, “neguko barazkiak aurreratu egin dira eta itxura bikaina erakutsi dute postuetan. Errezil sagarrari dagokionez, sagar urtea izan gabe eta aurten izan den lehortea ikusirik, itxurazko uzta bildu dute ekoizleek”.

“Udalak bertako eta garaian garaiko produktuen kalitatea eta kontsumoa sustatu nahi du kontsumitzaileak azokara erakarriz lehen sektorea indartzearren”, adierazi zuen Artolak. – E.C.A.