EH Bildu eta Elkarrekin Zumarraga ur zerbitzua Udalak kudeatzearen alde daude eta PSE-EE eta EAJ enpresa baten esku uztearen alde. Maiatzean zerbitzuaren kudeaketa esleitzeko pleguak onartu ziren Zumarragan, PSE-EEren aldeko botoekin, EAJren abstentzioarekin eta Elkarrekin Zumarraga eta EH Bilduren aurkako botoekin. FCC Aqualia enpresak, ordea, helegitea jarri du eta jaurlaritzaren Kontratuen inguruko Errekurtsuen Administrazio Organoak pleguetan aldaketak egiteko eskatu dio Zumarragako Udalari. Aldaketa horiek egin ditu eta astearteko osoko bilkuran plegu berriak onartu ziren, PSE-EEren eta EAJren aldeko botoekin. EH Bildu eta Elkarrekin Zumarraga aurka azaldu ziren.
EH Bilduko Josu Aztiriak halako zerbait gertatu zitekeela iragarri zutela gogoratu zuen. “Pleguak Aquarbe enpresaren neurrira egin zirela esan genuen. Capiol enpresak egin zituen eta enpresa horretan Aquarbeko zuzendari ohiek lan egiten dute”.
Uraren kudeaketaren “pribatizazioa” salatu zuen. “Capioli ordaindutako 30.000 euroak zakarrontzira bota ditugu. Suez (Aquarbe) eta FCC Aqualia uraren inguruko guda egiten ari dira Espainian eta guda hori gurera ekarri da. Kontratuen inguruko Errekurtsuen Administrazio Organoak ebatzitakoa sekulako kolpea da gobernuarentzat eta alkatearentzat. Pleguak Aquarberen neurrira egin zirela eta ez zituztela Udalaren interesak defendatzen esan du, ez zutelako eskaintza onuragarriena saritzen”.
Mikel Serrano alkateak pleguek ehunka orri dituztela eta Kontratuen inguruko Errekurtsuen Administrazio Organoak bi puntu aldatzeko bakarrik eskatu duela esan zuen. “Hori ez da pleguen filosofiaren aurka joatea. Gure zerbitzu juridikoek helegitea aurkeztu dezakegula esan digute, baina ez dugu denbora gehiago galdu nahi”. Capioli pleguak prestatzeko ordaindutako dirua ez dela zakarron-tzira bota gehitu zuen. “Gaur ekarri ditugun pleguak maiatzean ekarri genituen pleguen ia berberak dira”.