Lasarte-Oriako Euskararen 10. Maratoialdia larunbatean hasiko da. Maratoialdia deitu dute aurtengo euskararen aldeko ekimena, Maratoia eta Euskaraldia batuko dituelako.

42 eguneko bidea, abenduaren 2ra arte, diseinatu dute egitasmoaren antolatzaileek, Lasarte-Oriako Udalak eta Ttakun kultur elkarteak. Hiru urrats izango ditu: Sentitu, Prestatu, Eta ekin!

Esan bezala, Sentitu izango da aurreneko fasea, larunbata eta igandean burutuko dena, emozioak astintzeko eta euskaraz gehiago hitz egiteko motibazioa berritzeko. Bigarrena, Prestatu, hilaren 24tik azaroaren 17ra luzatuko da, hizkuntza asertibitatean kolektiboki entrenatzeko. Azkenik, hirugarrena, Eta ekin!, azaroaren 18tik abenduaren 2ra izango da, Euskal Herri osoan egingo den Euskaraldiarekin kointzidituko du eta hitz egiteko garaia iritsiko da.

Maratoialdia larunbatean 8.00etan hasiko da txupinazoarekin eta herriko elkarteek parte hartuko duten hamaika ekitalditako egitaraua prestatu dute igande gauera arte. Hala, larunbat goizean, txokolate jana, baserritar eta artisauen azokaren irekiera, Euskal Jaiak herriko ikastetxeekin batera eta baserritar eta eskulangileei aitortza burutuko dira. Goiza, haurren eta euskal paellaren bazkariekin amaitu da. Arratsaldean, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, herriko elkarteekin batera izango dira eta ondoren haur jaioberriei ongietorria edo atsolorra egingo zaie. Gauean afaria eta parranda gaua izango dira.

Igandean, Txaldatxurrera txango historikoa, herri kirolak, babarrun jana, erromeria eta afaria txekor errearekin izango dira.

Egitarau osoa, informazio gehiago eta zehaztasunak aurten Maratoialdia ezagutzera emateko prestatu duten webgunean ikus daiteke.