Aurten IV. Berdintasun Plana osatzeko lana izan du Udalak. Helburua plan berria urtea amaitu baino lehenago onartzea da, datorren urtean indarrean jartzeko. Herritarren esperientziak jaso eta mugimendu eta elkarteen iritziak kontutan hartuz osatu nahi dute plan berria.

Errealista, gertukoa eta eraginkorra izatea nahi dute, udaleko eta udalerriko beharretara egokitua. Horretarako, Plana diseinatzeko herritarren ekarpena ezinbestekoa dela uste dute Udaletik.

Saioak antolatu dituzte, eta Berdintasun Foroko, Emakumeon Etxeko, mugimendu feministako eta kolektibo konkretuetako kideekin elkarlana bermatzeko, taldekako elkarrizketak eta saio bereziak egin dituzte. Gainera, Udal langileak eta ordezkari politikoak ere planaren osaketan parte hartzen ari dira.

Horregatik, azken hilabeteetan jasotako ekarpenak eta egindako lana bilduta, datorren asteleheneko saioan (18.00etan Emakumeon Etxean) kontraste ariketa egingo dute herritarrekin. Udalak datozen lau urteetan aurrera eramango dituen berdintasun politikak partekatu eta adostea da helburua.

Zumaiako Udala urteak darama-tza emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzen. Horren ondorio dira diseinatu eta garatu diren berdintasunerako hiru planak zein martxan jarritako politika konkretuak.

2010. urtean onartu zen I. Berdintasun Plana, eta hamar urte baino gehiago pasa dira ordutik. Urte hauetan aldaketa asko egon dira Zumaian, eta azken urtean bertan bi aldaketa handi izan direla esan dute Udaletik: Emakumeon Etxearen sorrera eta pandemia egoerak eragindako aldaketak.

Hori horrela izanik, geldialdia egin, eta azken urteetan egindako lana baloratu eta egoera berrira egokituko den plan berri bat diseinatu nahi du Udalak. Plan berria izango da datozen urteetan berdintasunaren alorrean egin beharreko esku-hartzea planifikatzeko eta antolatzeko tresna nagusia. – Pedro Amundarain