Azkoitiko Anaitasuna mendi bazkunak, Zestoako Agiro mendi klubak eta Lagun Onak mendi bazkunak agerraldi bateratua egin dute azken asteotan Urola Erdian aurkeztu diren parke eolikoen proiektuen inguruan beren iritzia azaltzeko.

Hasteko, mendi taldeek azpimarratu dute beraien izaeraren barne dutela “ingurumena zaindu eta maitatzea; gure ondasunaren eta kulturaren parte den hori balioan jarri eta babestea”.

Hori esanda, Euskadiko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorial eguneraturik ez dagoela gogorarazi dute, eta edozein asmo berriren aurrean, “mendiak mendi izan behar dutela” babestuko dutela.

Mendi taldeek argi dute energia berriztagarriak sustatu behar direla eta energia kudeaketan adituak ez direla onartzen badute ere, ez dute pentsatzen “Euskal Herriko mendiak parke eolikoz betetzea denik trantsizio energetikoari eman beharreko irtenbidea”. Beraien ustetan, “aukera desberdinak landu beharko lirateke eta soluzio eta kokaguneak ondo aztertu”. Hortaz, dagoeneko industrializatuta dauden hainbat lursail berrerabiltzearen alde agertzen dira, “hauetan aurrera eraman daitezkeen aukera ezberdinak bultzatuz, eta naturgune eta landa eremuen erabilera ekidinez”.

Urola Erdiko mendi taldeek argi dute “herritarrok proiektu hauen inguruko informazio eguneratuta eta osoa modu gardenean jakin behar dugula”; eta “energia eolikoaren onura eta kalteak argi azaldu” behar direla. Era berean, “ingurumenean parke eoliko batek sortzen dituen eragin guztiak ezagutarazi” behar direla azpimarratzen dute; “eraikitzerakoan, funtzionamenduan dagoen bitartean eta erabilgarria izaten utzitakoan”.

Amaitzeko, ondorengo galdera luzatzen dute: “Natur sareetan babestu gabe dauden mendi eta landa eremuak sakrifikatzeko prest al gaude energia garbien izenean?”.