25 urte bete zituzten iaz Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak eta izen bera hartzen duen herri-komunikabideak. Hori dela eta, elkarteak mende laurdeneko ibilbidea jasotzen duen erreportai digitala kaleratu du. Egilea Irene Elortza kazetaria izan da eta lana gauzatu ahal izateko Maxixatzenek Udalaren eta Danobat eta Sidenor enpresen laguntza izan du.

Egileak berak eta proiektuan inplikatu diren erakundeetako ordezkariek (Sidenorrekoa ezin izan zen egon) asteartean aurkeztu zuten udaletxean dagoeneko herritar guztien eskura maxixatzen25urte.eus helbidean ikusgai dagoen ikusentzunezkoa.

Marijose Arregi, Udaleko Euskara zinegotziak aurkezpenean esan zuenez, “merezi duen edozein ibilbide, pasadizo, bizitza edo ezagutzak bere txokoa behar du. Lehen, artxiboetan, paperean, eta orain, zuen kasuan, erreportaje digitalaren bidez. Euskarri digitalak alde on bat du, eguneratu daitekeela. Eta uste dut Maxixatzenek oraindik ibilbide luzea duela, eta erreportajea eguneratzea tokatuko zaizuela”. Era berean, Arregik herri batean euskara elkarteak eta euskarazko komunikabideek duten eragina eta garrantzia azpimarratu zituen.

Julen Garate, Maxixatzen elkarteko kidea, berriz, “pozik” agertu zen behin erreportajea argitaratuta “urtebete inguru eman dugulako lanean”; eta Irene Elortzarentzat, “kazetari bezala gozamena” izan da lana burutzeko izan dituen denbora eta askatasunarekin kontatzea.

Lau atal

Maxixatzenen ibilbidea jasotzen duen erreportai digitala lau azpiataletan banatuta dago. Erein izenekoan elkartearen lehen urteak jasotzen dira. Jarraian Hazi azpiatala dago eta bertan 2003tik 2008ra arteko bidea islatzen da. Ondoren 2009 eta 2014 arteko ibilbidea jaso-tzen duen Garatu azpiatala dago; eta azkenik, 2015 eta 2021 arteko urteak jasotzen dituen Heldu izenekoa.