Beasainen Parketarrak izeneko ekimen berria ostegun honetan estreinatuko da. Hiru eta bederatzi urte bitarteko umeei zuzenduta, Parketarrak ekimenak haurren artean euskararen erabilera areagotu nahi du. Beasaingo Udalak, Hezten elkartearekin elkarlanean, antolatutako ekimena da eta urriko ostegun guztietan (6, 13, 20 eta 27) burutuko da Iturralde jolas parkean; euria egingo balu, berriz, Loinazko San Martin plaza azpian izango da.

Egitasmo honek, adinaren araberako bi programa eramango ditu aurrera. Bata, Zabu Zibu izenekoa, hiru eta bost urte bitarteko umeak dituzten familientzako pentsatu eta prestatua. Helburua euskaraz jolastu ahal izateko tresnak eskaintzea da, horregatik, nahitaezkoa da haurrak guraso edo helduren batekin joan eta jolastea. Bestea, Txirrintxon deituriko programa da, sei eta bederatzi urte bitarteko umeentzeko egindakoa. Aurreko txandaren ondoren gauzatuko da, 17.45etik 18.45era. Jolasak Hezten elkarteko dinamizatzaileek garatuko dituzte.

“Beasaingo Udalaren helburu eta eskumenen artean dago udalerrian euskararen ezagutza sustatzea eta erabilera dinamizatzea. Esparru honetan herritarren euskalduntzea sustatzen jarraitzeko ekimenak antolatzen jarraitzen du”, azaldu du Leire Artola buru duen Udalak. Euskal hizkuntzaren aldeko nahi eta konpromezu horren baitan txertatzen da Parketarrak egitasmoa, beasaindar gazteenak aintzat hartzen dituen programa.

Beasaingo Udalak guraso, ikastetxe eta familiei dei egiten die ostegunean abiatuko den ekimenean parte hartu dezaten, “guztien lankidetzarekin euskararen erabilera handitzea lortu nahi baita”.