Pasaiako Udalaren Mintzalagun egitasmoaren helburua euskararen erabilera maila handitzea izango da. Aste honetan Pasaiako Udalak egitasmoa aurkeztu du eta izena emateko epea zabaldu du. Horretarako, Udalaren laguntzaz, Pasaiako lau barrutietan solasaldirako taldeak elkartzeko ahalegina egingo da. Talde hauek hirukoteak izango dira, bat mintzalaguna, euskaraz ongi dakiena, eta beste biak mintzakideak, euskara hobetu nahi dutenak, izango dira.

Ekimena azaroan jarriko da martxan eta asmoa hirukoteak astean behin, gutxienez ordubetez, elkartzea izango da.

Esan bezala, izena emateko epea zabalik dago eta urriko lehenengo bi asteetan jarraituko du. Programan parte hartzeko interesa dutenek 688 647 159 telefonora dei dezakete. Zenbaki hori bera Whatsapp gisa aktibatuta egongo da. Matrikulazio epeko bi aste horiek bukatutakoan, arduradunek beste bi aste hartuko dituzte hirukoteak osatzen hasteko.

Mintzalagun egitasmoa herritar guztiei irekia dagoen eskaintza da eta doakoa da.

Euskaraldia

Bestalde, urriaren 7an Pasaiako Euskaraldiaren hirugarren edizioaren aurkezpena izango da 19.00etan Pasai San Pedroko lonja ondoko plazan. Aurkezpenean herriko antzerkilariek hartuko dute parte eta Euskaraldia zer den azalduko dute. Euskaraz ulertzen duten 16 urtetik gorakoei dago zuzendua ikuskizuna, horiek baitira Euskaraldian parte har-tzeko gutxieneko baldintzak.

Ekitaldiak iraun bitartean haurtzaindegi zerbitzua izango da. Zerbitzu hori behar izanez gero, euskara@pasaia.net helbidera idatzi behar da. Gainera, Pasai Donibanetik Pasai San Pedrorako bidea egin eta itzultzeko, berriz, Donibaneko Ubera liburutegian motorarako txartelak eskuragarri egongo dira doan.